Arria V.ak eta Otañok Azpeitian jokatuko dute aizkora apustua

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 14a, 08:52
Otaño ezkerrean eta Arria eskuinean, elkarri bostekoa emanda, apustua hitzartu ondoren. (Mailo Oiarzabal)

Apirilaren 24an ariko dira nor baino nor zezen plazan, 12:00etan hasita. 20na kanaerdiko moztu beharko dituzte, eta lanak azkarren bukatzen dituenarentzat izango da apustuaren diru poltsa; 5.000 euro jarriko ditu jokoan bakoitzak. Atzo hitzartu zituzten erronkaren baldintzak, Mendizabalenean.

Xabier Orbegozo Arria V.ak eta Eneko Otañok aizkol apustua jokatuko dute apirilaren 24an, igandea, 12:00etatik aurrera, Azpeitiko zezen plazan. Joan den urtarrilaren 7an bi kirolarien prestatzaileek aurrehitzartu zuten errezildarraren eta beizamarraren arteko desafioa Azpeitiko Mendizabal erretegian, baita apusturako seinalea bota ere: 500 euro alde bakoitzak. Atzo, protagonista nagusiek toki berean itxi zuten jokoa, baldintza guztiak adostuta.

Apirilaren 24an 20na kanaerdiko moztu beharko dituzte bi aizkolariek, eta bakoitzak 5.000 euro izango ditu jokoan; atzo, prestatzaileek joan den astean jarritako 500 euroei beste 500 gehitu zizkieten Arriak eta Otañok, apustuaren aurreko mila euroko seinalea osatzeko. Apusturako materiala erdibana jarriko dute, hamar pago enbor Arriak eta beste horrenbeste Otañok.

19:15erako jarria zuten atzoko hitzordua Mendizabalenean, eta kontua ez zen asko luzatu. 19:20rako mahaian eserita zeuden bi aizkolariak eta haien laguntzaileak; Luis Txapartegi Aizarnako aizkolaria Arriarekin, Joxe Miguel Peñagarikano Beizamako aizkolari ohia Otañorekin, eta bi apustularien aitak ere bai. Hogei minuturen bueltan itxi zituzten apustuaren xehetasunak. Prestatzaileek aurrez hitz egindakoaren gainean gorabehera gutxi izan zen atzokoan; eguna, ordua, tokia eta diru poltsa zehazteko ere ez zuten arazo handirik izan. Materiala nork jarri, horixe izan zuten eztabaidagai nagusia bilera hasieran: Arriak eta bere taldeak enbor guztiak beraiek jartzea proposatu zuten, prestatzaileek hitz egindakoa ez bezala, Otañok gaur egun aizkoran abantaila duela argudiatuta; Beizamakoak eta bere aholkulariek, ordea, ez zuten onartu proposamena, eta men egin zuten errezildarrak eta haren aldekoek.

Atzo osatutako mila euroko seinalearen ondoren, apustu eguna baino 48 ordu lehenago bota beharko dute poltsa borobiltzelko falta duten dirua apustulariek; Mendizabaleneko Martin Mendizabal izango da desafioaren diruzaina. Aizkolari bakoitzak bi laguntzaile eraman ahalko ditu plazara. Eta osasun arazoak edo bestelako ezbeharren bat tarteko bietako batek apustua atzeratzea eskatzen badu, gehienez hamabost egunez atzeratuko lukete apustua jokatzeko data; atzerapen egun bakoitzeko 50 euro ordaindu beharko ditu, gainera, atzeratzea eskatzen duenak. Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak izendatuko ditu apusturako epaileak, eta dopinaren kontrako proba ere egin beharko dute kirolariek apustua bukatzen dutenean.