Osakidetzaren "gainkarga" eta "utzikeria" salatu dituzte anbulatorioko lehen arretako langileek

Andoni Elduaien 2022ko urt. 13a, 14:41
Anbulatorioaren aurrean elkartu dira hainbat lagun. (Julene Frantzesena)

Hainbat langile elkartu dira 13:00etan, anbulatorioaren atarian, Osakidetzan bizi duten egoera salatzeko. Lehen arreta zerbitzua "itolarrian" dagoela nabarmendu dute ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Lehen mailako arretaren aurrekontua handitzea eskatzen dute, Europako Batasunaren parera iritsi arte.

ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Azpeitiko anbulatorioko lehen arretako langileek elkarretaratzea egin dute gaur, osteguna, 13:00etan hasita, osasun zentroaren atarian. Anbulatorioan lan egiten duten langileek hainbat minutuko lan etena egin dute, Osakidetzaren "gainkarga" eta "utzikeria" salatzeko. Gainera, egoera horri aurre egiteko, "berehalako neurriak" eskatu dituzte.

Abenduaren 22an ere protestak egin zituzten anbulatorioen atarietan, Osakidetzako oinarrizko osasun zentroetako egoera "jasanezina" zela salatzeko. "Plantillen eskasia nabarmena da. Osakidetzak, besteak beste, koronabirusaren autotest neurriak ezarri ditu; hau da, paziente bakoitzak bere lagina jaso behar du, lan hori egiteko nahikoa langile ez dagoelako". Sindikatuen iritziz, Osakidetzan gertatzen ari dena ez da pandemiaren ondorioa bakarrik; izan ere, lehen arretako langileek "hiru greba egun" egin zituzten 2019an, orduan bizi zuten egoeraren larritasuna salatzeko. Ordutik, egoerak "okerrera" egin duela azaldu dute sindikatuek: "Pandemiaren aurreko egoera estrukturala are gehiago larriagotu du egungo osasun krisiak".

Sindikatuek azaldu dutenez, beharginen lan baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arretaren kalitatea "prekarizatzeaz" gain, pandemia "murrizketak aplikatzeko" eta pazienteak osasun publikora iristea "zailtzeko" aitzakia bihurtu duela Osakidetzak. Era berean, "plangintza, errefortzu eta inbertsio eza" ere salatu dituzte. Are gehiago: pandemiaren kudeaketak eragindako "lan kargaren igoera esponentziala" dela eta, lehen arreta "itolarrian" dagoela nabarmendu dute sindikatuek.

Sindikatuek lehen mailako arretaren aurrekontua handitzea eskatu dute, Europako Batasunaren parera iritsi arte –BPGaren %7–. Gainera, lan taldeak "berehala indartzea" eta kategoria guztietan "nahikoa" giza baliabide egotea nahi dute; izan ere, milaka plaza gehiago behar direla aurreikusi dute. Era berean, aldi baterako langileak finkatzea eta gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzea eskatu dute, baita lan kargak arrazionalizatzea eta absentzia guztiak lehen egunetik ordezkatzea ere. "Lehen mailako arreta lehenesten eta indartzen duen estrategia behar da, hamarkada bat baino gehiago daramatzan desegitearekin kontrajarrita".

Hilaren 23rako osasun publiko indartsu baten alde protesta egiteko deia egin dute SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Egun horretan, Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dituzte mobilizazioak.