Astelehenean irekiko da Emakumeen Txokoko Jabetze Eskoletan izena emateko epea

Anartz Izagirre 2022ko urt. 13a, 12:53
Azpeitiko Udaleko eta Emakumeen Txokoko ordezkariak, Jabetze Eskolen aurkezpenean. (Azpeitiko Udala)

Guztira, bederatzi ikastaro eskainiko dituzte maiatza bitartean, horietako hiru, Feminismo anitzak: zaintzak, sentipenak eta sexualitatea ikastaro katearen barrukoak. Horrez gain, hiru hitzaldi eta liburu aurkezpen bat ere izango dira Emakumeen Txokoan. Izen-ematea aurrez aurre, telefonoz edo posta elektronikoaren bitartez egin ahal izango da astelehenetik aurrera.

Emakumeen ahalduntzean sakontzeko eta eragiteko asmoz, askotariko saioak izango dira maiatza bitartean Emakumeen Txokoan. Izan ere, dagoeneko aurkeztu dute Emakumeen Txokoko Jabetze Eskolen egitaraua Azpeitiko Udaleko eta Emakumeen Txokoko ordezkariek, eta astelehenean, hilak 17, irekiko dute saioetan izena emateko epea; hilaren 28ra bitartean izango da horretarako aukera. Adierazi dutenez, "emakumeei beren burua eta bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzea" da Jabetze Eskolen helburua, baita "eskolan, maila pertsonalean eta kolektiboan indartu, elkarrekin ikasi eta errealitateari ikuspegi feminista batetik begiratzea" ere.

Guztira, bederatzi ikastaro izango dira herritarren gozamenerako, eta horietatik hiru Lumaltik Herriak elkartearekin batera antolatutako Feminismo anitzak: zaintzak, sentipenak eta sexualitatea ikastaro katearen barruan eskainiko dituzte. Honakoak izango dira hiru saioak: Gorputza, natura eta komunitate-feminismoa deiturikoa apirilaren 30ean, Ondo bizitzeko autozaintza maiatzaren 7an eta Sentipenak eta sexualitateak maiatzaren 14an. Guztiak doakoak izango dira, eta gazteleraz eskainiko dituzte.

Gainontzeko sei ikastaroak, berriz, honakoak izango dira: Zoru pelbikoa lantzen otsailaren 4tik apirilaren 8ra, ostiraletan, euskaraz; Gure etxean burujabe, etxearen eta gorputzaren zaintza ekologikoa otsailaren 3tik apirilaren 7ra, ostegunetan, euskaraz; Menopausia: hausnartzeko unea martxoaren 29tik maiatzaren 31ra, asteartetan, gazteleraz; Autodefentsa ziberfeminista martxoaren 4an, ostirala, euskaraz; 40 urtetik gorako emakumeei zuzenduriko Zugandik tailerra, apirilaren 11tik maiatzaren 30era, astelehenetan, euskaraz, eta Mendi orientazioa maiatzaren 20an, 21ean eta 28an nahiz ekainaren 4an, ostiraletan eta larunbatetan, euskaraz. Horietako batzuk doakoak izango dira, eta beste batzuetan kuota ordaindu beharko da. Honako lotura honetan ikus daitezke prezioak eta xehetasun guztiak.

Emakumeen Txokoko kideek gogorarazi dutenez, ikastaro horiez gian literatura feministako taldea eta Empalabramiento emakumeen ahalduntzerako gaitasunak lantzeko proiektuak eskaintzen dituzte modu iraunkorrean.

Hitzaldiak ere bai

Ikastaroez gain, hiru hitzaldi eta liburu aurkezpen bat ere izango dira Emakumeen Txokoan maiatza bitartean. Otsailaren 9an izango da lehena; Ainara Gorostizuk Amatasunetik emakumeak ahalduntzen hitzaldia eskainiko du. Martxoaren 30ean, bestalde, Indarkeria obstetrikoaz deituriko saioa eskainiko du Irati Aizpuruak, eta, azkenik, apirilaren 6an, Genero disidentzia ZK hitzaldia emango du Iñigo Etxezarretak, Basazabal jauregian —beste bi saioak Emakumeen Txokoan izango dira—. Nerea Astigarragaren Resetea tu vida liburuaren aurkezpena, berriz, maiatzaren 11n izango da, Emakumeen Txokoan.

Bestalde, Emakumeen Txokoko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek adierazi dute genero berdintasuna bermatzeko parekidetasunaren balioekin bat egiten duten hainbat zerbitzu eskaintzen dituztela Emakumeen Txokoaren bitartez, eta zerbitzu konfidentzialak, profesionalak zein doakoak direla horiek. Honakoak dira, besteak beste, zerbitzu horiek: Plax sexu aholkularitza zerbitzua, aholkularitza juridikoa, erreminten mailegua, liburutegi feminista eta gune informala.

Izena emateko moduak

Udalak Jabetze Eskolen informazio osatua egunotan banatuko du herriko etxe guztietara, eta bertan agertzen da saio guztien gaineko informazioa. Saioetan izena emateko, berriz, hiru modu daude: Emakumeen Txokoan (Goiko kalea 12, behea) astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bitartean, 943-15 70 55 eta 688 15 10 00 telefonoetara deituta edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.