Añota sagardotegiak hasi du dagoeneko bere 31. urteurreneko sagardo denboraldia

Maialen Etxaniz 2022ko urt. 13a, 10:00
Añota sagardotegia.

Koronabirusak eragindako pandemia tarteko, ez dute ohiko irekiera ekitaldirik egingo Añotan. Aurten "uzta oparoa eta sagardo ona" dutela adierazi du sagardotegiko arduradun den Maria Jesus Añotak.

Bihar hasiko da sagardotegi garaia Euskal Herrian, eta sagardogileek dena prest dute dagoeneko. Azpeitiko Elosiaga auzoko Añota sagardotegiak, ostiralera arte zain egon gabe, dagoeneko ireki ditu ateak. Pandemia iritsi aurretik, ostiral gauez egiten zuten sagardo denboraldiaren irekiera ekitaldia Añotan, bertsoz eta trikitiz lagunduta. Azken bi urteetan, ordea, pandemia tarteko ez dute ekitaldirik egin, eta aurten ere ez dute egingo, hasieran kontrakoa pentsatzen bazuten ere. Horren arrazoia Azpeitiko osasun egoera dela kontatu du Maria Jesus Añotak: "Aurten, azken urteetan ez bezala, irekiera ekitaldia antolatzekoak ginen, bertsolariekin eta trikitilariekin, ohiturari jarraituz. Baina herrian dagoen egoera ikusita, atzera egitea erabaki dugu; izan ere, handia da COVID-19aren intzidentzia tasa [9.000ko langa gainditu du Azpeitiak], eta sansebastianak ere bertan behera utzi dituzte". Hori dela eta, denboraldiari irekiera ofizialik egin gabe ekitea erabaki dute.

Hala ere, Añotako arduradunak argi utzi nahi izan du sagardotegia irekita dagoela dagoeneko, eta adierazi du aurten "uzta oparoa eta sagardo ona" dutela.

Aurreneko asteetan Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun neurriak eta protokoloak errespetatu beharko dituzte, eta sagardo berria mahaira aterako dute Añotan ere. Horrenbestez, sagardozaleek ezingo dute edaria zutik edan. Gainera, sei pertsonako taldeetan eseri beharko dute mahaian. Menuei dagokionez, sagardo denboraldiko ohiko menuak eskaintzen jarraituko dutela azaldu dute arduradunek. Beraz, jan-edanik ez da faltako beste urte batez.

Denborarekin "egoera goxotzen" joango dela espero dute Añotakoek, eta esperantzarik nahiz lanerako gogorik ez zaiela falta nabarmendu dute. "Urte gogorrak izan dira, baina ilusioa gelditzen zaigu oraindik. Pixkanaka gauzak bere onera itzuliko direla espero dugu, eta aurrerago egingo ditugu ekitaldiak bertsolari eta musikariekin", azaldu du Elosiaga auzoko sagardotegiko arduradunak.

Sagardo denboraldiaren irekierarekin batera betetzen ditu urteak Añota sagardotegiak, eta Maria Jesus Añotak kontatu duenez, aurtengoa sagardotegiaren 31. urteurrena da. Horrek aurrera jarraitzeko "indarra" ematen diela azaldu du: "Badira urte batzuk ibilbide honi hasiera eman genionetik. Urte batzuk hobeak izan dira, besteak zailagoak, baina hemen jarraitzen dugu, eta ez da gutxi".