Tuterako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Itaiak biharko

Julene Frantzesena 2022ko urt. 12a, 17:49

19:00etan hasita egingo dute kontzentrazioa plazan, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean. Azpeitiko Udalak ere salatu du Tuterako hilketa matxista, eta mugimendu feministak hilketa salatzeko antolatzen dituen mobilizazioekin bat egin du erakundeak.

Tuteran jazotako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Urola Erdiko Itaiak biharko, osteguna. Plazan egingo dute kontzentrazioa, 19:00etan hasita, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean.

Itaiak salatu duenez, ideologia matxistak gizonaren gailentasunerako "testuinguru paregabea" sortzen du. "Ondorioz, emakume langileon aurkako erasoak etengabe gauzatzen dituzte, gure zaurgarritasun egoera baliatuz". Itaiak "beharrezkotzat" jo du emakume langileek erasoen aurrean erantzun "eraginkorrak" hedatzea, horiek gauzatzen dituzten "figurak seinalatzea" eta emakumeak egoera horretatik askatzeko "baliabide ekonomikoak zein sozialak" garatzeari ekitea.

Astelehen goizean 38 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten Foruzaingoak eta suhiltzaileek Tuterako (Nafarroa) etxebizitza batean. Labanarekin egindako zauriak zituen hilotzak, eta emakumearen senarra izan da hasieratik hilketaren susmagarri nagusia. Atzo eguerdian atxilotu zuten gizona Boisredonen (Frantzia).

Udalak ere salaketa

Azpeitiko Udalak ere salatu du Tuterako hilketa matxista, eta biktimaren senitartekoei eta gertukoei elkartasuna adierazi die. Era berean, mugimendu feministak hilketa salatzeko antolatzen dituen mobilizazioekin bat egin du erakundeak. Halaber, udalak gogoratu du ez duela giza eskubideen urraketarik onartzen, "ez Azpeitian, ez inon", eta urraketa horien aurrean "modu aktiboan" jokatzea "herritarren ardura" dela nabarmendu du.

Bestalde, udalak herritarrei eskatu die erasoren batekin jabetuz gero Udaltzaingora (943-15 13 13), Ertzaintzara (943-08 37 80) edo larrialdi zerbitzuetara (112) jotzeko. Horrez gain, erakundeak gogorarazi du herriko ikastetxeetan berdintasuna lantzen ari direla hezkidetza programen bidez, eta hemendik aurrera ere "indarkeriaren kontra lanean" jarraituko dutela.