Bueltan da Hoi Denk Zirkue

Maialen Etxaniz 2022ko urt. 12a, 08:47

Iazko etenaren ostean, Hoi Denk Zirkueren bosgarren edizioa egingo dute larunbatean Azpeitiko Gaztetxean. Emanaldia 18:00etan hasiko da, eta egunean bertan jarriko dituzte txartelak salgai Gaztetxeko sarreran. Xanti, Ekain, Iagomago, Julen magoa eta Jone Muñekas igoko dira oholtzara, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, "diziplina desberdinetako artistek sortutako piezak" izango dira ikusgai. 

Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako Hoi Denk Zirkue emanaldia bueltan da. Aurtengoa zirkoaren bosgarren edizioa da, eta antolatzaileek adierazi dutenez, iazko etenaren ostean "gogo handiz" antolatu dute aurtengoa. Larunbatean, hilak 15, egingo dute Hoi Denk Zirkue, 18:00etan hasita, Gaztetxean.

Iago Azkue aritu da antolatzaile lanetan beste hainbat kiderekin batera, eta hark eman ditu aurtengo ekimenaren inguruko xehetasunak. Azkuek azaldu duenez, duela hilabete pasatxo hasi ziren emanaldia antolatzen, eta dagoeneko ia dena prest dute. "Lehengo urtean pandemia zela eta, ezin izan genuen zirkoa antolatu, eta penaz gelditu ginen. Aurten, ordea, emanaldia antolatzea erabaki dugu, nola ez. Gabonen bueltan egin ohi dugu zirkoa urtero, eta aurten talde txiki bat osatu, eta antolakuntza lanekin aurrera egitea erabaki genuen", azaldu du Azkuek. Hark dio urtez urte "forma hartzen" joan den emanaldia dela, eta aurtengorako irrikaz daudela kontatu du: "Aurtengoa bosgarren edizioa izango da. Aurrenekoa probatzeko antolatu genuen, eta jendeak primeran erantzun zuen. Urtez urte, erantzun hobea izan duela ikusi dugu, eta denborarekin egitasmoa bera forma hartzen joan da". 

Bost artista oholtzan

Urtero bezala, hainbat artista igoko dira oholtzara: Iagomago, Julen magoa, Xanti, Ekain eta Jone Muñecas. Antolatzaileen hitzetan, "diziplina desberdinetako artistek sortutako piezak" izango dira ikusgai larunbateko emanaldian. Bi azpeitiar magoak magia ikuskizunak eskainiko dituzte, baina Azkuek azaldu duenez, ikuskizunak elkarrengandik "desberdinak" izango dira. "Julenek magia eta dantza uztartuko ditu bere emanaldian; nik, aldiz, magia arrunta egingo dut, publikoarekin hartu-emana bultzatuz". Ekain Ibarguren pailazo rolean arituko da, baina malabareak ere egingo ditu. Jone Muñekas akrobata da, eta hark "pieza aereoa" eskainiko du, Gaztetxeko sabaiko telak baliatuz. Urteroko ohiturari jarraituz, Xanti Agirrezabalak gidatuko du emanaldia, baina aurten ez du aurreratu zein pertsonaiaren paperean arituko den. Palomitarik faltako ez dela ere azaldu dute antolatzaileek. 

Ikuskizunerako sarrerak egunean bertan salduko dituzte Gaztetxeko sarreran, eta antolatzaileek ikusleei eskatu diete ordurako joateko, "emanaldia atzeratu ez dadin". Umeek bi euro ordaindu beharko dute sarrera, eta helduek bost euro. 

Herritarrek emanaldira zergatik joan beharko luketen galdetuta, argi erantzun du Azkuek: "Gaztetxeetan oso gutxitan egoten dira horrelako emanaldiak, ez baita erraza zirko bat muntatzea, eta horretarako baliabideak izatea. Gainera, primeran pasatuko dugu".