Sansebastianak 2022

Helduen danborradarik ere ez da izango sansebastianetan

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 10a, 21:26
Helduen danborradako eragileak, gaurko bileraren hasieran. (Azpeitiko Udala)

20:00etan elkartu dira udala eta danborradako eragileen ordezkariak udaletxean, eta "iritzi eta ekarpen ezberdinak entzun ostean hartu dute erabakia, pena handiz eta adostasunez", udalak jakinarazi duenez. Danborradarik izango ez denez, San Sebastian festak bertan behera uztea erabaki du udalak.

Danborradarik ez da egingo bigarren urtez jarraian sansebastianetan Azpeitian, COVID-19ak eragindako osasun egoera eta horren gaineko neurriak tarteko.

Joan den ostiralean aurten ere San Sebastian egunez umeen danborradarik ez dela egingo jakinarazi ondoren, gaur helduen danborradaren gaineko azken erabakia hartzeko bilera egin dute udaletxean Azpeitiko Udalak eta danborradan parte hartzen duten eragileetako ordezkariek. Eta umeenaren bide beretik, sansebastianetan helduen danborradarik ez dela egingo erabaki dute. 20:00ak pasatxo hasi da bilkura, eta "iritzi eta ekarpen ezberdinak entzun ostean hartu dute erabakia, pena handiz eta adostasunez", udalak jakinarazi duenez. Gainera, eta danborradarik egingo ez denez, San Sebastian jaiak ere bertan behera utziko dituztela azaldu du erakundeak, ez baitute bestelako jai ekitaldirik antolatuko egun horietan.

Labik abenduaren 28an onartutako neurri murriztaileetan oinarrituta hartu dute gaurko erabakia ere, udalak ohar bidez jakinarazi duenez. Danborradako taldeen zein udalaren nahia "hasieratik danborrada antolatzea" izan arren, osasun egoerak "ezinezko" bihurtu du nahi hori, udalaren esanetan; gaur bertan argitaratutako herriko datuak gogoratu ditu erakundeak bere oharrean. "2020an, azken aldiz helduen danborrada egin zenean, 30 taldetan banatuta, 1.500 danborjoletik gora izan ziren San Sebastian bezperan herriko kaleetan. Horiez gain, ehundaka herritar izaten dira urtez urte kale ertzetan danborjoleak animatzen eta festaz gozatzen. Labiren arabera kanpoko ekintzetan bildu daitekeen 800 pertsonako muga erraz gainditzen da ekintza horretan. Beraz, ezinezkoa da danborrada egitea", azaldu du erakundeak.

"Erabakia zaila izan da, baina osasuna lehenetsi eta arduraz jokatzeko hautua egin da. Beraz, sansebastianak bertan behera gelditu dira eta ez da inolako ekintzarik antolatuko", berretsi du.

Haurren danborradaren kasuan ez bezala, helduena beste data batean egitearen aukeraz ez da aipamenik egiten udalaren oharrean.

"Alternatibak badaude"

Errege egunean, haurren danborradaren gaineko erabakia hartu bezperan, danborrada horren bideragarritasuna aldarrikatuz elkarretaratzea egin zuten zenbait herritarrek plazan. Herritar talde berak gaur iluntzeko bileraren ordurako ere deitua zuen beste elkarretaratze bat. Jende gutxik erantzun dio bigarren deialdi horri eta, azkenean, ez dira plazara irten, baina beren aldarrikapenen berri eman diote Uztarriari elkartu diren herritarrek.

Horien ustez, "gogoa edukiz gero" umeen zein helduen danborradak egiteko "alternatibak badaude"; ohiko eran egitea egin beharrean, auzoetan banatuta edota multzo txikiagoak osatuta egin ahalko lirateke danborradak, "egokituta, eta neurriak hartuta", beste arloetan zein ekintzetan egiten den bezala. "Erregeekin eta Olentzerorekin posible izan bada, zergatik ez danborradekin?", galdetzen zuen herritar batek. Aipatutako alternatibak plazaratu zituzten eragile batzuek haurren danborradarekin lotuta, "baina ez zituzten aintzat hartu ere egin", gaur plazara agertu den herritarren esanetan. Sansebastianei dagokienez, "dagokion funtzioari uko" egin izana leporatzen zion beste batek udalari.