'Birritan bortxatua' antzezlana emango dute ostiralean Soreasu antzokian

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 11a, 08:32
'Birritan bortxatua' antzezlanaren irudi bat. (Makoki Faktoria)

Aldatzen Laguntzen taldeko Saioa Royok eta Ion Martinezek taularatuko dute bortxatutako emakume baten bizipenetan oinarritutako lana. 20:00etan hasiko da emanaldia eta Kulturazen webgunean eros daitezke sarrerak.

Bortxaketa bat pairatu duten emakume askok bizitako amesgaizto bikoitza taula gainera eraman du Aldatzen Laguntzen antzerki taldeak Birritan bortxatua lanarekin, eta antzezlan hori ikusteko aukera izango da datorren ostiralean, urtarrilaren 14an, Soreasu antzokian.

Nagore, antzezlanaren protagonista, bortxatu egin dute herriko festetan. Amesgaizto horri aurre eginez, salaketa jartzea erabakitzen du, eta hor hasiko da beretzat bigarren amesgaiztoa. Hain zuzen ere, bortxaketa pairatutako emakume horrek epaiketan bizitakoak kontatzen ditu antzezlanak, gizartearen epai paraleloak ahaztu gabe.

Saioa Royo eta Ion Martinez aktoreek osatzen dute Aldatzen LaguntzenBien artean sortutako antzezlana da Birritan bortxatua, errealitatean gertatutako hainbat bortxaketatan oinarrituta ondu zuten antzezlanaren testua, eta biek jokatzen dute obra.

20:00etan hasiko da ostiraleko emanaldia Soreasun, eta sarrerak salgai daude Kulturaz.eus webgunean.