EMF Ultra Txapelketa ere izango da 40 MLK lasterketan

Julene Frantzesena 2022ko urt. 11a, 08:49
Jone Urkizu lasterkaria.

Maiatzaren 14an egingo da proba, eta federazioak Azpeitiko lasterketa aukeratu du Ultra Txapelketa jokatzeko. 40 MLK probaren antolatzaileek azaldu dutenez, "izugarria" da probaren lehen edizioan hori lortzea. 

Maiatzaren 14an Domusa Teknik 40 MLK lasterketa izango da Azpeitian, eta probaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, 2022ko EMF Ultra Txapelketa ere bertan izango da jokoan. Izan ere, federazioak Azpeitian egingo den lasterketa hautatu du txapelketarako.

40 MLK probaren antolatzaileek azaldu dutenez, "izugarria" da probaren lehen edizioan hori lortzea. Haien arabera, hori "ezinezkoa" litzateke babesleen, korrikalarien eta bolondresen babesik gabe, eta horregatik, denei eskerrak eman dizkiete.

Maiatzaren 14an 08:00etan hasiko da proba plazan, eta Arroita eta Sañu igarota, Gazumera eta Herniora joango dira lasterkariak. Ondoren, Murumendi, Izazpi eta Hiruharrieta igaro eta Izarraizko Atea parkera jaitsita, Xoxotera igoko dira. Azpeitian bukatuko dute 65 kilometroko eta 3.700 metroko malda duen mendiko proba.