Koronabirusa Azpeitian

COVID-19a zuen egoiliar bat hil da San Martin egoitzan

Ihintza Elustondo 2022ko urt. 10a, 13:26

Goizaldean zendu da koronabirusaz kutsatutako egoiliarra. Asteburuan bost positibo zenbatu dituzte zentroan, eta gaur beste bi. Egoera hobetu bitartean, mantendu egingo dituzte segurtasun neurriak.

Duela egun batzuk izan zituzten COVID-19aren lehen kasuak San Martin egoitzan, eta hango arduradunek adierazi dutenez, hedatzen jarraitzen du gaitzak. Asteburuan, bost positibo zenbatu zituzten zentroan, eta gaur beste bi atzeman dituzte. Gainera, koronabirusaz kutsatutako egoiliar bat hil dela jakinarazi dute; gaur goizaldean zendu da egoiliarra. 

Lehenik, zortzi positiboko agerraldia izan zuten San Martin egoitzan, eta geroago, beste bederatzi positiboren berri eman zuten. Asteburuaz geroztik agertu diren zazpi kasuak berriak dira; beraz, guztira 24 positibo zenbatu dituzte COVID-19a zentroan sartu zenetik. Guztiek sintomarik gabe igaro dute gaitza, heriotza eragin dion egoiliarrak izan ezik.

Egoera tarteko, gaitza gehiago ez zabaltzeko osasun eta segurtasun neurriak zorroztu zituzten joan zen astean egoitzan; alde batetik, bisitak bertan behera utzi zituzten, eta, bestetik, sakabanatu egin zituzten egoiliarrak. Egoitzako arduradunek azaldu dutenez, neurri horiek mantendu egingo dituzte egoera hobetu bitartean.