Jendetza atera da plazara, euskal presoen eskubideen alde

Maialen Etxaniz 2022ko urt. 8a, 19:30

Sarek euskal presoen eskubideen defentsan mobilizazioak deitu ditu gaurko Euskal Herri osoan zehar, eta Azpeitian jende ugari batu da deialdira. Elkarretaratze jendetsua egin dute plazan, Pow eta Gotzon etxera bidean lelopean. 

Sarek deituta, euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak izan dira gaur Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan, eta Azpeitian ere bat egin dute deialdiarekin. Urte luzez presoen eskubideen alde Bilbon egin izan den manifestazioa egitekoak ziren gaurko egunez, baina osasun egoera tarteko, mobilizazioak tokian toki egitea erabaki zuen Sarek. Hori dela eta, herriz herri askotariko ekimenak egin dituzte gaur euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko. Hori dela eta, herriz herri askotariko ekimenak egin dituzte gaur euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko. Azpeitian, elkarretaratze jendetsua egin ditu 18:30ean hasita, Pow eta Gotzon etxera bidean zioen pankartaren atzean. Jende ugarik egin du bat Azpeitiko Sareren deialdiarekin. 

Sareren irakurketa eta aldarria Euskal Herri osoan zehar entzun da gaur. Hain zuzen ere, presoak "eskubideen subjektuak" direla ohartarazi du Sarek, eta gaurko mobilizazioen bidez, euskal presoen eskubideak bete ditzatela eskatu diote Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako zein Frantziako Gobernuei. Era berean, euskal preso guztiak Euskal Herriratzeko eskatu du Sarek, baita gradu progresioan dagoen blokeoa askatzeko galdegin ere. 

Azpeitian, joan zen abenduaren 24ko elkarretaratzean egin bezala, Gotzon Aranburu eta Josu Urbieta Pow preso azpeitiarren kasuak izan dituzte gogoan, eta haiek etxean izan arte lanean jarraituko dutela adierazi dute.