Sansebastianak 2022

Haurren danborradarik ez da egingo San Sebastian egunez

Ihintza Elustondo 2022ko urt. 8a, 10:54
2020an egin zuten azkenekoz haurren danborrada. (Mailo Oiarzabal)

Egungo osasun egoera eta indarrean diren neurriak tarteko hartu dute erabakia udalak eta danborradan parte hartzen duten eragileek. Egoerak ahalbidetzen duenean danborrada egiteko konpromisoa adierazi dute. 

San Sebastian jaiak ospatuko diren ala ez; horixe izan da herritar askoren kezka azken egunotan. Helduen danborradaren inguruko erabaki ofizialik oraindik hartu ez badute ere –astelehenean bilduko dira danbor taldeetako ordezkariak eta udala–, gaur jakinarazi dute haurren danborrada ez dela ohi bezala, San Sebastian egunez, egingo. Egungo osasun egoera eta indarrean diren neurriak tarteko hartu dute erabakia.

Atzo, ostirala, egin zuten haurren danborradaren inguruan hitz egiteko bilera Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeko, Karmelo Etxegarai Ikastolako, Itsasi dantza taldeko, Juan Antxieta musika eskolako, ikastetxeetako guraso elkarteetako eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek. Egungo osasun egoera tarteko, danborrada egiteko baldintzarik ez dagoela uste dute eragile horiek. "Danborrada egitea izan da eta da denon nahia, baina osasun egoera eta ezarrita dauden neurriak aintzat hartuta, San Sebastian egunez ez da haurren danborradarik egingo", azaldu dute.

Azpeitiko osasun egoera kezkagarria dela nabarmendu dute eragileek: "8.600ekoa da 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa, eta azken datuen arabera, hamalau egunetan 1.309 positibo izan dira". Anbulatorioko arduradunek udalari egoera "larria" dela adierazi diote; "gaindituta eta larrituta" daude osasun etxean. Horregatik, uste dute "ezinbestekoa" dela neurriak errespetatzea egoerari buelta emateko.

"Gutxienez, 2.000 pertsona"

Azpeitiko haurren danborradan "gutxienez, 2.000 lagunek" parte hartzen dute, udalak hedabideetara bidalitako oharrean zehazten duenez. "600-650 haurrek parte hartzen dute danborradan, eta haur bakoitzeko gutxienez bi guraso edo ikusle izaten dira kalean, festaren parte. Danborrada ezin da ulertu haurrik eta horiek ondotik txalotzen eta animatzen dituzten ikuslerik gabe". Labik abenduaren 18an erabaki zuen kanpoko ekintzetan gehienez 800 lagun bil daitezkeela, eta udalaren arabera, haurren danborradak gehienezko kopuru hori "gainditu" egiten du. "Horrez gain, aste honetatik aurrera, ikastetxeetako haurrek taldeka funtzionatu eta taldeak nahastea saihestu behar dute. Beraz, gelak eta mailak ezin dira nahastu, eta ezinezkoa da danborradako entseguak nahiz danborrada bera egitea, hainbat ikastetxetako arduradunek azaldu dutenez".

Udalaren arabera, danborrada antolatzeko asmoz, "hainbat bilera" egin dituzte, eta "iritzi, alternatiba eta ekarpen ezberdinak" izan zituzten aztergai atzoko bileran ere. Hori horrela, erabakia hartzea "erraza ez" dela izan nabarmendu du erakundeak, "egoera bera ere erraza ez" delako. Hala ere, "danborradan irteteko aukera haur guztiek izan dezaten", eragileek eta udalak konpromisoa hartu dute haurren danborrada "egoerak eta neurriek uzten dutenean" egiteko.

Atzo bildu ziren udaleko eta danborradako taldeetako ordezkariak. (Azpeitiko Udala)