Iraganaren ikono besterik ez

Ihintza Elustondo 2022ko urt. 7a, 10:14

Ia mende bateko bizitza dute kaleko telefono kabinek, baina erabiltzen ez direla eta, horiek kentzea erabaki du Espainiako Gobernuak. 2022. urtean desagertuko dira. 

Izan paretako ala lurreko, urteetan balio izan dute gauza askotarako: urrutiko senitartekoei ala gertuen sentitu nahi dituzunei deitzeko, maite duzunaren ahotsa entzuteko, arratsaldean zer plan egin adosteko, norbaiti ondo zaudela esateko, edo besterik gabe, jolaserako. Askotariko funtzioak bete izan dituzte kaleko telefono kabinek, baina indarra galtzera kondenatu ditu urteen joanak. Ez jenderik, ez deirik, ez bizitzaren arrastorik. Itzalitako garai baten ispilu bilakatu dira. Jada ez dago herri osoak entzuteko moduan hitz egiten duen bizilagunik, ezta batari eta besteari deituz arratsaldea barre algara artean igarotzen duen haurrik ere. Gaur egun, denboraren joanaren ikono baino ez dira.

Ia mende batez inguruko kaleetako paisaiaren parte izan dira telefono kabinak, baina azken urteotan ez zaie erabilera handirik eman. Datuek hitz egiten dute: biztanleriaren %20k baino gutxiagok erabili dituzte, eta egun 30 urte baino gutxiago dituzten ia inork ere ez. 90eko hamarkadan eskuko telefonoak eguneroko bilakatu zirenetik, gainbeheran joan dira pixkanaka, ia-ia museoetako objektu bilakatu diren arte.

Gauza jakina zen heriotzaren korridorean zirela telefono kabinak, baina arrazoi nostalgikoak tarteko, hainbat aldiz atzeratu dute horiek mantentzen zituen legea indargabetzeko asmoa. Hala ere, iazko urtearen amaieran, Espainiako Gobernuak erabaki zuen telefono kabinak eta telefono gidak kentzea: hala jaso zuten Espainiako Ministroen Kontseiluan onartu zuten Telekomunikazio Lege Orokorrean. 2022. urteko bigarren seihilekoan desagertuko dira.

Oraindik orain, baina, eskualdeko hainbat txokotan daude telefono kabinak, norbaiten deia jasotzeko zain. Haietako asko grafitiz edo kartelen markaz inguratuta daude, beste asko herdoilduta edo izorratuta. Guztiak abandonatuta.

Itzaltzear da 94 urteko historia, baina herritarren memorian iltzatuta geldituko dira haien bueltan bizi izandakoak. Ia-ia telefono zenbakirik buruz ez dakien gizarteak ez du haien falta handirik sumatuko; ordea, herriko postaletan zuloak geldituko dira, sakelako telefonoekin ordezkatzen hain errazak izango ez direnak.