Ugaitz Mugertzak irabazi du I. Euskal Duatloia

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 6a, 16:43

Mutrikuarrak jantzi du lehiaketa berriaren lehen txapela gaur eguerdian herriko zezen plazan. 32 minutu eta 31 segundotan bukatu ditu aizkorako eta korrikako lan guztiak txapeldunak. Arkaitz Jauregi (33:40) izan da bigarrena, eta Eneko Saralegi (34:49) hirugarrena.

Ugaitz Mugertzak estreinatu du Euskal Duatloiaren palmaresa. Herriko zezen plazan jokatu dute gaur eguerdian aizkora eta korrika uztartzen dituen txapelketaren lehen edizioa, eta Mutrikuko kirolariarentzat izan da lehen txapela. 45 ontzako launa etzandako enbor moztu behar zituzten lehendabizi kirolariek, lau kilometro korrika egin ondoren –zezen plazari 40 itzuli emanez–, eta 45 ontzako beste launa enbor ebaki bukatzeko, enborrak zutik zirela kasu horretan.

Bederatzi kirolari lehiatu dira txapelaren bila, baina azken orduko aldaketa aipagarri batekin: hasieran iragarrita zegoen Xabier Zalduak, pentatloia hiru aldiz irabazitako gizonak, ezin izan du parte hartu duatloian; COVID-19ak jota egon da berriki Zaldua, eta David Naredo asturiarrak hartu du gaur haren tokia zezen plazan. Hala ere, ez da lehiatik aparte ibili Zaldua: gaitza gaindituta, Ioritz Gisasolaren laguntzaile lanetan aritu da gaurkoan. Mugertza txapeldunarekin, Naredorekin eta Gisasolarekin batera, Aratz Mugertza, Aritz Irazabal, Eneko Saralegi, Julen Kañamares, Arkaitz Jauregi eta Oier Kañamaren lehiatu dira I. Euskal Pentatloian.

Inork ez hautsi

Hiruna kirolariko hiru txandatan jokatu dute ia bi ordu eta erdiz luzatu den txapelketa. Zozketak hala erabakita, lehen txandan aritu da azkenean txapeldun izan dena, Aratz anaiarekin eta Irazabalekin batera. 32 minutu eta 31 segundotan bukatu ditu lanak Ugaitz Mugertzak, eta txandako onena ez ezik, goizeko markarik onena izan da berea, atzetik etorri diren bi txandetan inork ez baitu hura hobetzerik lortu. Jauregik egin du bigarren denbora onena (33:40), Saralegik hirugarrena (34:49), eta ondoren sailkatu dira Oier Kañamares (36:37), Julen Kañamares (37:17), Naredo (37:51), Aratz Mugertza (38:00), Gisasola (39:39) eta Irazabal (40:33).

Pentatloiaren adinako ikusminik ez du piztu duatloiak, ez behintzat zezen plazan elkartu den ikusle kopuruari erreparatuta. Hala ere, dozenaka zaletu elkartu dira harmailetan, ia guztiak eguzkipekotan.