Errege Magoek txu-txu trenean igaro dituzte herriko kaleak

Anartz Izagirre 2022ko urt. 5a, 19:32

Ohiko kabalkadarik egin ez bada ere, Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek ez diete hutsik egin herriko haurrei, eta herriko hainbat bazterretatik igaro dira trenean haurrak agurtzeko.

Haurrek, gaztetxoek zein helduek eskatutako opariak uztera pasatuko dira gauerdian Errege Magoak, eta zeregin horrekin hasi aurretik, herritarrak bisitatzeko tarte bat hartu dute gaur arratsaldean. Koronabirusak eragindako pandemia dela eta, ezohiko moduan egin dute gaur bisita, eta ohiko kabalkadaren ordez, txu-txu trenean igaro dituzte herriko bazterrak.

Sanjuandegin hasi dute ibilbidea Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek, igerileku paretik, eta bertan zain zituzten herriko hainbat haur. Ondoren, geldialdirik egin gabe eta trenetik jaitsi gabe, Azpeitiko dozenaka txokotatik igaro dira, eta herritarren irribarreekin gauean lan egiteko indarrak bildu dituzte hiru erregeek.

Bestalde, San Martin egoitzako egoiliarrak bisitatzen ere izan dira arratsaldean, eta hainbat opari utzi dizkiete horiei ere.