Elkarrizketa

Jagoba Labaka: "Erremontean orain arteko urterik onena izan da niretzat 2021a"

Jagoba Labaka Urrizak besoetan altxatuta, finala amaitu berritan. (Oriamendi)

Bi final jokatu eta galdu ondoren, amaiera ezin hobea eman zion joan den urteari Labakak (Azpeitia, 1991), Urrizarekin Ansa-Martirena 40-37 gaindituz Binakako txapela berretsita.

Majo sufritutako finalaren ondoren iritsi zaizu Binakako bigarren txapela. Ihes egiteko arriskua sentitu al zenuen uneren batean?

Partida gogorra izan zen, bai. Une batean bazirudien ondo bideratuta genuela, baina bueltan etorri ziren aurkariak, eta azkenean, borroka asko eginda, lortu genuen irabaztea, baina asko sufrituta. 34-36 atzetik ginela, haiek ia egina zutela zirudien tantoa gure aldera etorri zen azkenean, eta hortxe pentsatu nuen artean bizirik geundela.

Zer moduz sentitu zinen finalean?

Uste dut ez nuela partidarik onena egin. Tentsio handia zegoen, eta ez dakit horren ondorioz edo hainbat faktorek bat egin zutelako izango zen, baina oso lotuta jokatu nuen, normalean huts egiten ez ditudan pilota asko galdu nituen.

Iazko garaipena berretsi duzue aurten. Nolako sentipenak eragin dizkizu bigarren txapel horrek?

Poza iazkoaren antzekoa izan da niretzat. Iaz lehen aldiz parte hartu nuen txapelketan eta txapela irabazi nuen. Aurten, aurrekanporaketa bat jokatu behar izan dugu. Horrelako txapelketa bat irabazteak beti ematen dizu poz handia.

Txapelketa bere osotasunean hartuta, zer moduz ikusi duzu zeure burua?

Orokorrean, nahiko sentsazio onekin ibili naiz. Finalean hobeto jokatzea banuen, esan bezala, baina gainontzean txapelketa oso ona egin dudala iruditzen zait.

2020ko txapeldunak izateak presio gehiago eragin al dizue aurtengoari aurre egiterakoan?

Txapelketa aurkeztu zutenean denek esaten zuten gu ginela faboritoak, baina niri iruditzen zitzaidan ondo orekatutako bikote gehiago bazeudela eta txapelketa parekatua izango zela. Beraz, hasieran ez nuen presio hori hainbeste sumatzen. Finalean, ordea, bai, eta agian horregatik jarri nintzen urduri, bigarren txapela gertu ikusten nuelako eta berriro irabazteko konpromisoa sentitzen nuelako.

Urrizak txapelak irabazteko bermea izaten jarraitzen duela erakutsi du, beste behin. Baina zer suposatzen du harekin atzelari aritzeak?

Ez dakit ohorea den hitza, baina Urrizarekin jokatzea gauza handia da niretzat. Aurtengoarekin, zazpi txapel irabazi ditu. Alde batetik, ardura gehiago suposatzen du harekin jokatzeak, beti dagoelako txapelak irabazteko kiniela guztietan. Urrizarekin jokatuta irabazten ez baduzu, ardura edo errua zurea dela eman behar; irabaziz gero, berriz, "Urrizarekin edozeinek irabazten dik" esango dute, baina irabazteko zeuk jokatu egin behar duzu, eta zeure onena ematen ez baduzu, aurkariek ez dute barkatzen. Bestetik, oso gustura jokatzen dut nik harekin: asko laguntzen dizu, animoak eta aholkuak ematen dizkizu, eta kantxatik kanpo ere oso ondo moldatzen gara, beti dago umorerako prest.

Iazkoa ez bezala, aurtengo finala ikusleekin jokatu duzue. Aldea nabarmenduko zenuten, ezta?

Hilaren 24an jokatu genuen finalaurrekoa eta nire lagun dezente joan ziren partida ikustera; finalean, aldiz, hiru bakarrik egon ziren harmailetan, gehienak konfinatuta baitzeuden ordurako. Neuk ikusleekin jokatu dudan lehen final handia izan da aurtengo Binakako Txapelketarena, ia 600 lagun elkartu ziren Galarretan, eta uste dut horrek ere izan zuela zerikusia sentitu nuen presioan.

Ikusleak frontoietara itzuli diren honetan, jendea erremonte gosez antzeman al duzue?

Bai. Gainera, ikusleak pilotalekuetara itzultzen hasi direnean jabetu gara ikusle berriak ere bereganatu dituela erremonteak. Uste dut telebistan gehiagotan irteten hasi garen honetan jendea gehiago hasi zaigula jarraitzen, esku-pilota ez den beste kirol bat ezagutzeko aukera izan dute batzuek.

Erremontari, txapelketetako finalak... ETBren jarraipena fruituak ematen ari dela uste duzu, beraz?

Bai. ETBk erremontearen aldeko apustutxoa egin du eta beraiek diote datu onak ematen ari dela erremontea, ikusleen harrerari dagokionez. Jende berria hasi da frontoira joaten, bizpahiru gaztek debuta ere egin dute, eta ezohiko jendea ari da agertzen harmailetan. Behar genuen halako zeozer. Gainera, telebistako emankizunak asko hobetu badira ere, uste dut erremonteak asko irabazten duela zuzenean ikusita; pilotalekuan bertan hobeto antzematen da jokoaren abiadura, eta jendeari gustatzen zaio hori.

Sagardoaren eta Oriamendi txapelketetan finalista eta Binakakoan txapeldun. Urte oparoa izan duzu 2021a.

Oso ona izan da, bai. 2020ko Binakako Txapelketa Nagusia irabazteak konfiantza eman zidan. Hiru final jokatu ditut, eta aurreko biak galdu arren, uste dut baditudala urtean egindakoarekin gustura egoteko arrazoiak. Orain arteko urterik onena izan da niretzat erremontean 2021a. Ea 2022an bide beretsutik jarraitzeko moduan naizen, ahal dudan txapelketa guztiak jokatuz eta borrokatuz behintzat.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide