Mikel Larrañagak desafioa bota dio Iker Vicenteri

Julene Frantzesena 2022ko urt. 4a, 15:42
Mikel Larrañaga Urrezko Aizkolarien Kopa irabazi berritan. (Ibon Errazu)

Hamabi oinbiko ebakitzeko apustua egitea proposatu dio Larrañagak Vicenteri. Biharko jarri du azpeitiarrak erronka ixteko hitzordua Tolosako Kantabriko tabernan, 19:30etik aurrera.

Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak desafioa bota dio Iker Vicente aizkolari otsagabiarrari. Hamabi oinbiko ebakitzeko apustua egitea proposatu dio Larrañagak Vicenteri; hau da, aizkolarien txapelketetan erabiltzen dituzten egurrik handienak nork lehenago ebaki izango da apustua.

Larrañagak berak jarri nahi ditu oinbiko enborrak. Hain zuzen ere, horixe da azpeitiarrak apustua ixteko jarri duen baldintza. Dena den, lanak eta jokoan izango den diru kopurua negoziatzeko prest agertu da. Ikusteko dago apustua egitea adostuko al duten edo ez, baina Larrañagak biharko, urtarrilaren 5erako, jarri du horretarako hitzordua Tolosako Kantabriko tabernan, 19:30etik aurrera. Ikusteko dago Vicente Larrañagak ezarritako hitzordura agertuko al den ere.

Iker Vicente punta-puntako aizkolaria da: 2019an Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuen, eta 2020an eta 2021ean Aizkolarien Txapelketa Nagusia. Larrañaga bigarren sailkatu zen txapelketa horietan guztietan. 2021eko Urrezko Aizkolarien Kopan, baina, aurre hartu ahal izan zion Vicenteri: hamabi kanaerdiko aizkolari nafarrak baino lehen ebaki zituen.