Hiru milioi eta erdi bisitatik gora izan ditu Uztarria.eus-ek 2021ean ere

Julene Frantzesena 2022ko urt. 4a, 20:15

2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, hiru milioi eta erdi bisita baino gehiago izan ditu Uztarria.eus-ek: 3.759.823 bisita, zehazki, Google Analytics neurgailuaren arabera. Egunean, batez beste, hamabi albiste argitaratu dira atari honetan, eta 10.300 bisita izan ditu egunero webguneak. Duela bost urte hasitako joerari jarraituz, bisita gehienak eskuko telefonotik egin dituzte herritarrek.

2020a nola, 2021a ere hala. Koronabirusaren pandemiak bete-betean jo du bukatu berri den urtea ere, baina ez da izan albistegietako lerroburu guztiak hartu dituen gaia; eta eskerrak. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Uztarriak 2021ean ere, eta hainbat herritarrek ez ezik, eragileek ere egin dituzte ekarpenak Komunitatearen bidez. Orotara, 4.634 albiste argitaratu ziren Uztarria.eus-en iaz –12 albiste egunean, batez beste–, eta asko eta asko izan dira horiek irakurri dituztenak –honako lotura honetan ikus daitezkek dira iazko hamar albiste irakurrienak–.

2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, hiru milioi eta erdi bisita baino gehiago izan ditu Uztarria.eus-ek: 3.759.823 bisita, zehazki. Google Analyticsek eskainitako datua da hori, eta izugarria da; izan ere, horrek esan nahi duena da egunean, batez beste, 10.300 bisita izan dituela webguneak. Gainera, herritarrek Uztarria.eus-en zabaldutako orrien kopurua ere aipatzekoa da: 2021ean 9.834.264 orri ireki zituzten horiek, eta egunean, batez beste, 26.945 orri. Bestalde, erabiltzaileek, batez beste, 2 minutu eta 40 segundo igaro zituzten webgunera egindako bisita bakoitzean.

Joerak azken urteetako berbera izaten jarraitzen du. Izan ere, Interneteko edukiak eskuko telefonotik irakurtzeko joera areagotzen ari da urtez urte, eta 2021a ere ez da salbuespena izan zentzu horretan. Uztarria.eus-en kasuan, 2017a inflexio puntua izan zen: lehen aldiz, bisiten erdia baino gehiago (%57,39) eskuko telefonoetatik egin zituzten herritarrek. 2021ean, berriz, herritarren %66,69k erabili dute eskuko telefonoa Uztarria.eus irakurtzeko. Aldiz, ordenagailutik eta tabletetatik egindako bisiten kopuruak %30,28 eta %3,03 izan dira, hurrenez hurren.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabideen datuak ikaragarriak izan dira beste urte batez. Taldearen webguneetan hainbat eta hainbat erabiltzaile sartu ziren 2021ean: orotara, taldea osatzen duten sei webguneek –Karkara, Baleike, Zarauzko Hitza, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen eta Uztarria– 8.655.328 bisita izan zituzten iaz.