Errege Magoak txu-txu trenean ibiliko dira aurten Azpeitiko kaleetan

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 3a, 13:05

Ohiko harrerarik eta desfilerik ez dute egingo, baina asteazkenean, Errege bezperan, 18:30etik aurrera herrian zehar ibiliko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, umeak trenetik agurtuz. Erregeen laguntzaileak, aldiz, ez dira etorriko aurten ere, eta haien ordez hiru postontzi jarriko dituzte, nahi dutenek beren gutunak horietan uzteko.

COVID-19aren pandemiak bigarren urtez jarraian baldintzatuko du Errege Magoen etorrera. Iaz, bezala, aurten ere ez da Erregeen phiko kabalkadarik egingo urtarrilaren 5ean; baina aurten, iaz ez bezala eta beste modu batez, Azpeitiko kaleetan ibiliko dira behintzat Meltxor, Gaspar eta Baltasar.

Hain zuzen ere, txu-txu trenean ordubeteko ibilbidea osatuko dute Errege Magoek etzi Azpeitian, herriko umeak agurtzeko. 18:30ean hasiko da hiru magoen ibilia, igerileku ataritik, baina osatuko duten ibilbidea ez da Errege bezperako ohiko desfilearena izango; geldialdirik ez dute egingo Erregeek, trenetik ez dira jaitsiko, eta udaletxera ere ez dira joango aurten.

Udalak albiste honekin batera ikus daitekeen bideoan jaso du urtarrilaren 5eko arratsaldean Errege Magoek Azpeitian osatuko duten ibilbidea.

Postontziak, gaurtik

Erregeak ibiliko dira kalez kale aurten, baina beren laguntzaileak edo pajeak aurten ere ez dira etorriko aurretik gutunak jasotzera.

Horren ordez, eta joan den urtean bezala, hiru postontzi jarriko ditu udalak Erregeentzako gutunak jasotzeko, eta gaurtik hilaren 5era erabilgarri izango dira horiek. Igerileku ondoan, Sanagustinpean eta Joxe Artetxe kaleko botikaren ondoan jarri dituzte postontziok.