Hasi dira Azpeitia Cupen sailkatze faseko futbol partidak

Gaur, bihar eta etzi 36 taldek jokatuko dituzte partidak Garmendipeko futbol zelaietan. Eguraldia lagun, giro ederra eta ikusle asko izan dira goizeko partidetan.

Azpeitia Cupen sailkapen faseko partidak hasi dira gaur, igandea, Garmendipeko futbol zelaietan. Goizeko 09:30ean hasi dira gaurko norgehiagokak, Lagun Onak A eta Zarautz A nahiz Danena A eta Sanse taldeen arteko partidekin, eta goiz osoan zehar hainbat partida jokatu dituzte. Arratsaldean ere hamar partida inguru izango dira, eta bihar eta etzi ere beste hainbat. Gaur giro ederra nagusitu da zelaietan, eta jende ugari joan da norgehiagokak ikustera.

Guztira, 36 talde ariko dira nor baino nor egun hauetan, ekainean talde handienek jokatuko duten Azpeitia Cup txapelketarako lau txartelak eskuratzeko lehian. Besteak beste, Gipuzkoako, Bizkaiko, Kantabriako zein Errioxako taldeak ariko dira txapelketaren aurretiazko fasean, hala nola Zarautz, Basander, Antiguoko, Zumaiako, Vasconia, Lengokoak, Comillas, Anaitasuna, Barakaldo, Mutriku nahiz Amaikak Bat. Gainera, Lagun Onaken lau taldek parte hartuko dute aurtengo edizioan. Honako lotura honetan ikus daiteke partiden ordutegia.

Bi urte dira txapelketa egin ez dutela, eta Azpeitia Cupen antolatzaileak egunotarako gogoz eta ilusioz daudela jakinarazi dute.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide