Hainbat pertsonak bat egin dute euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko aldarriarekin

Anartz Izagirre 2021ko abe. 31a, 19:00

Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako, bidean! lelopean dozenaka lagunek manifestazioa egin dute gaur, abenduak 31, plazatik abiatuta. Bestalde, urtarrilaren 8an Bilbon egitekoak ziren manifestazio nazionala bertan behera gelditu da, eta herriz herri egingo dituzte bigarren urtez mobilizazioak; Azpeitian, 17:00tan izango da egun horretako mobilizazioa.

Urtero legez, euskal presoen eta iheslarien eskubideen alde mobilizatu dira gaur, abenduak 31, hainbat herritar. Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako, bidean! lelopean zeharkatu dituzte herriko kaleak 18:00etan hasita, eta plazan hasi eta bukatu da manifestazioa. Bi zutabetan banatuta joan dira manifestazioan.

Aurtengo leloarekin, zera adierazi nahi du Sarek: "Bizikidetzarako eta bakerako bidea egiten ari garela, etxerako bidea egiten ari garela". Ildo horretatik, nabarmendu dute orain arte emandako urrats guztiak "beste pauso bat" direla, eta bizikidetza "ezinezkoa" izango dela "euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legediak eragindako eskubide urraketak" desagertzen ez badira. "Etxerako bidea egiteko eta espetxe politikan hain beharrezkoa den erabateko aldaketa sustatzeko, funtsezkoa da bizikidetzaren eta bakearen bidean aurrera egitea. Biak ala biak lotuta doaz", gehitu dute antolatzaileek. Era berean, bide hori "elkarrekin" egin behar dela nabarmendu dute: "Elkarrekin gaude bide horretan aurrera egin nahi dugun guztiak, sufrimendua desagerrarazi nahi dugun guztiak, eskubideen urraketa behin betiko amaitzea nahi dugun guztiak, eta konfrontazioaren aroa atzean utzi nahi dugun guztiak. Elkarrekin egiten ez badugu, bakoitzak bere aletxoa jarrita, erantzukizunez eta errespetuz, eta, batez ere, aurrera egiteko gogoa argi adierazita, ezinezkoa izango baita".

Aurtengo Gabonetan Azpeitiko Sarek deitu duen bigarren mobilizazioa izan da gaurkoa; izan ere, abenduaren 24an, Gabon egunean, elkarretaratzea egin zuten plazan hainbat lagunek.

Azpeitiko presoak

Bestalde, azken urteetan euskal presoen eskubideen alde egin diren urratsak "positiboki" baloratu ditu Sarek, eta Gotzon Aranburu Azpeitiko presoaren kasua jarri dute adibide, Alacanteko (Herrialde Katalanak) espetxetik Palentzian (Espainia) dagoen Dueñaseko espetxera lekualdatu baitute. "Izan diren presoen hurbilketek, dudarik gabe, senideen zama arintzea ekarri dute presoak bisitatzeko distantzia luzeak murriztean, baina ez dezagun ahaztu gaur egun 104 preso daudela oraindik ere Euskal Herritik urrun, eta horrela, haien eta haien familien eskubideak urratzen dituztela".

Bestalde, bigarren graduan jarraitzen duten presoak ere gogoan izan dituzte, eta nabarmendu dute presoen %94k bigarren graduan jarraitzen dutela, eta hamar baino ez direla hirugarren graduan dauden presoak, "egoera horretan 70 preso egon beharko liratekeenean". Sareren arabera, 70 horietatik 52k eskubidea dute jada baldintzapeko askatasunean egoteko. "Gotzonek legezko baldintza guztiak betetzen ditu hirugarren gradua lortzeko, eta espetxe baimenen bitartez herrian izango genuke", gehitu dute. Era berean, Josu Urbieta Pow presoaren kasuan ere etxean egoteko "legezko baldintza guztiak" betetzen direla azaldu dute Sareko kideek.

Horri guztiari "justiziaren jarrera politikoa eta ideologizatua" batzen zaizkiola nabarmendu dute: "Espetxeetako Juntatik gradu-progresioren bat edo espetxe baimenen bat lortzen dutenean, Audientzia Nazionalak errekurritu, blokeatu eta geldiarazi egiten ditu erabaki horiek". Horregatik guztiagatik, Sarek deituta egiten diren mobilizazio guztiak "alderdi politikoekin, sindikatuekin, elkarteekin eta erakundeekin batera" egin nahi dituztela nabarmendu dute Saretik, "denok batera, elkartuta egin ezean, ez dugulako lortuko".

Bilboko manifestazioa, bertan behera

Bestalde, Sare dinamikak euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa zuen deituta datorren urtarrilaren 8rako Bilbon, baina pandemiak eragindako egoera dela eta, manifestazioak herriz herri egiteko deia egin du. Manifestazio horretan ere bakea, elkarbizitza eta euskal presoen nahiz iheslarien Euskal Herriratzea aldarrikatuko dituzte, Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean! lelopean. Ildo horretatik, gaurko manifestazioaren amaieran iragarri duten moduan, egun horretako 17:00etan izango da Azpeitiko mobilizazioa, plazan.