Urtezahar gaueko afarirako bi errezeta

Uztarria.eus 2021ko abe. 30a, 12:45

Azken unerako utzi badira bihar gaueko afarirako erosketak, edo zer prestatu ez badakigu, hemen UKTk Gabon gehigarrian argitaratutako bi errezeta zaporetsu; bat klasikoa da, eta bestea berritzaileagoa. On egin!

Arrautza hautsiak onddoekin eta foiearekin

Lau lagunentzako osagaiak: 

  • 2 patata
  • 100 gramo onddo
  • Baserriko 4 arrautza
  • Foie freskoa, 2 zati (4 xerratan)
  • Saltsa egiteko osagaiak:
    • 2 tipula
    • 4 azenario
    • 4 porru
    • Olioa
    • Gatza

Nola egin:
1.- 
Aurrena, tipula, azenarioa eta porrua txiki-txiki egin,  eta oliotan ondo sueztitu. Kolorea hartzen utzi, saltsarako da eta.
2.- 
Barazkiak zeharo gorrituta ditugunean, dena irabiatu eta saltsa hori berriro egosi, saltsak gorputz eta kolore egokia har dezan.
3.- 
Ondoren, patatak zuritu eta okin eran egin. Horiek plateraren azpialdean jarriko ditugu.
4.- 
Patatak egiten diren bitartean, onddoak hartu, zatikatu eta tipularekin batera dena goxatuko dugu.
5.- 
Eginak ditugunean, aurretik egindako saltsarekin nahastu. Hori pataten gainean joango da.
6.- 
Ondoren, baserriko arrautzak oliotan frijitu eta onddoekin dugun saltsaren gainean jarri.
7.- 
Amaitzeko, foiea hartu, xerra fin samar bat ebaki, eta olio tantatxo batekin frijitu egingo dugu.
8.- 
Urre kolorea hartzen duenean, gatz pitin bat bota, eta arrautzaren gainean jarriko dugu.

Gomendioa: jateko unean, dena nahastu.

Behi buztana saltsan

Lau lagunentzako osagaiak:

  • 2 behi buztan, kilo banakoak eta giltzaduretatik zatituta
  • Ardo beltza, litroa
  • 4 azenario
  • 2 tipula
  • 4 porru
  • Oliba olioa eta gatza

Nola egin:

Buztan zatiei gatza bota eta salteatu egingo ditugu, ongi gorritu arte. Ondoren, labeko bandejan jarri eta ardo beltza botako diegu. Aurrez berotutako labean 20 minutuz erregosiko ditugu 180 gradutan. Gero, beste olio pitin bat jarriko dugu eta ontzi berean, hondoari itsatsita geratu diren zukuak aprobetxatuz, barazkiak egingo ditugu, su eztiagoan, puska ederretan zatitu ondoren.

Sueztitzen utziko ditugu barazkiak gatza botata, baina eragiteari utzi gabe. Barazkiek kolorea hartzen dutenean dena irabiatu, eta aurrez erregositako isats zatiak eta atera duten zukua, eta ardoa gehituko dizkiogu. Estali eta egiten utziko dugu guztia, oso su eztian, haragia ongi samurtu eta hezurretik erraz bereizten den arte, baina desegin gabe. Egoste denbora aldatu egingo da erabiltzen dugun haragiaren arabera. Presio-eltzea erabiltzen badugu, 45 bat minutu beharko ditu gutxienez.

Eltzea ireki eta saldatatik aterako ditugu haragi puskak. Salda iragaziko dugu ondoren, eta urritzen utziko dugu su eztian. Berriro ere sartuko ditugu saltsan isats
zatiak, eta utziko ditugu egiten, oso su eztian, haragia 
samur gelditu eta saltsa loditu arte.

Garrantzitsua: gisatu hau egiteko, haragiarekin egiten diren beste asko bezala, irakite-puntua oso baxua behar da, ezti-ezti egosi behar baitu haragiak.