Kiribil ekodendak irabazi du X. Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa

Anartz Izagirre 2021ko abe. 29a, 14:41

Gaur, asteazkena, izan da sari banaketa Sanagustin kulturgunean, eta Kiribil ekodendako dendariak jaso du 600 euroko saria. Bigarren sailkatua Kotoi mertzeria izan da, eta hirugarrena Trapos. Herritarren Saria, berriz, NKN mutil modie dendakoentzat izan da.

Gabonak aurrera doaz, eta ohi bezala, aurten ere herriko saltokietan dozenaka apaingarri jarri dituzte. Bertan merkatarien elkarteak beste urte batez erakusleihorik politenak saritu nahi izan ditu, eta gaur, asteazkena, X. Gabonetako Erakusleiho Lehiaketaren sari banaketa egin dute Sanagustin kulturgunean. Beste urteetan ez bezala, aurten Azkoitiko Udala eta Azkoitiko Herrixen merkatarien elkartea izan dira epaimahaiko kide, eta hiru erakusleihorik onenak beraiek aukeratu dituzte; era berean, Azpeitiko Udala eta Bertan merkatarien elkartea izan dira Azkoitiko erakusleiho lehiaketako epaileak.

Aurtengo lehiaketaren lehen postuan Kiribil ekodenda kokatu da, eta 600 euroko saria jaso du dendariak Agustin Lizarralde Azpeitiko Udaleko zinegotziaren eskutik. Epaimahaiaren bigarren saria, berriz, Kotoi mertzeriarentzat izan da, eta 400 euroko saria jaso du hango arduradunak Karmele Zabaleta Bertaneko lehendakariaren eskutik; eta, azkenik, hirugarren postuan Trapos gelditu da, eta 200 euroko saria jasoko dute hango kideek, nahiz eta gaur ezin izan duten sari banaketa ekitaldira azaldu. Horrez gain, Herritarren Saria ere banatu dute, eta NKN mutil modie denda izan da Facebooken "atsegin dut" gehien jaso dituen saltokia; beraz, haientzat izan da 200 euroko saria.

Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten, guztira, 21 parte-hartzaile izan dira Gabonetako Erakusleiho Lehiaketan. Epaimahaiko kideek honako ezaugarriak baloratu dituzte, besteak beste, sariak banatzerakoan: lehen inpresioa, konposizioa, modernitatea, sormena, berrikuntza, originalitatea produktu/zerbitzuen konposizioa edo integrazioa eta argiztapena nahiz koloreen konbinazioa.

Larrañaga Kirolak denda

Lehiaketako sari nagusiak banatzeaz gain, 50 urte bete berri dituen Larrañaga Kirolak denda omendu dute gaurko ekitaldian, eta egun hango arduraduna denak jaso du oroigarria. Arana kaleko 3. zenbakian dago kokatuta Larrañaga Kirolak, eta mota guztietako kirol arropak eta bestelako kirol tresnak saldu dituzte azken bost hamarkadetan.