Inozenteen Eguneko albistea

Uztarriak zuzenean emango ditu 2022ko kanpaikadak

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 28a, 10:25
Ignacio Arakistainek eta Mireia Galarzak gidatuko dute zuzeneko saioa.

[Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea] Soreasuko Sebastian Donea parrokian grabatuko dute saioa, eta Ignacio Arakistain eta Mireia Galarza izango dira aurkezleak. Hainbat lagun gonbidatuko dituzte saiora, eta Uztarriaren bazkideen artean hainbat zozketa egingo dituzte.

Urolako Komunikazio Taldeko hedabideak batu izanaren asmoetako bat zen zuzeneko emisioak eta bideogintza saioak indartzea, eta helburu horri tiraka, berrikuntza batekin dator Uztarria: hain zuzen ere, aurten lehen aldiz, 2022. urteari hasiera emango dioten kanpaikadak zuzenean emango ditu hedabideak. Sansebastianetako helduen danborradaren kasuan bezala, oraingoan ere Ignacio Arakistain eta Mireia Galarza izango dira saioaren aurkezleak.

Abenduaren 31n, 23:30ean hasiko da saio berezia, eta Soreasuko Sebastian Donea parrokian grabatuko dute. Hainbat lagun gonbidatuko dituzte saiora, eta Uztarriaren bazkideen artean hainbat zozketa egingo dituzte, gainera. Erlo Telebistan eta Uztarrian bertan ikusi ahal izango da saioa zuzenean.

Galarzak jantziko duen soinekoa eta Arakistainen trajea Bertan merkatarien elkarteko dendetakoak izango dira, herriko kontsumoari bultzada emateko asmoz.

Abenduak 29, 10:00: Uztarriak Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea da hau.