Jose Mari Azpiazu: "Trilogiako liburuak euskaratuta ikustea gustatuko litzaidake"

Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 23a, 10:30

Mendiak, poloak, eta azkenik, munduko desertuak. Sebastian Alvarorekin idatzi duen hirugarren liburua aurkeztu berri du Azpiazuk (Azpeitia, 1953): La vida en los vacios del planeta.

La vida en los vacios del planeta liburuarekin trilogia osatu duzue. Hori al zen hasierako asmoa?

Ez, hasieran ez zegoen halako asmorik. Planeta taldeko Lumber argitaletxekoei eskuetara iritsi zitzaien nik idatzitako Nire barneko mendiak liburua. Formatua gustatzu zitzaien, eta proposatu ziguten, Sebasi [Alvaro] eta bioi, ildo horretako zerbait egitea. Horrela hasi ginen La vida en el limite de la vida prestatzen. Ideian sakontzen joan ginen eta erabaki genuen errelatoak eta lekukotzak ere gehitzea. Geure buruari jarri genion hasierako helburua izan zen ohiko liburuetatik eta kontakizunetatik aldentzea, mendizaletasunaren historiako mugarri nagusiak kontuan hartzea, datuekin zorrotzak izatea, baina beste modu batean azaltzea. Kontakizun horiek zorroztasun historikoa mantentzea, idazkera goxoarekin jasotzea eta balio unibertsalak transmititzea izan behar ziren gure lanaren ardatzak. Balio unibertsaletaz mintzo garenean, jendearengan jakin-mina sustatzea da horietako bat, jakin-minetik eta behaketatik baitatoz aurrerabideak eta eboluzioa.

2018an aurkeztu zenuten lehen liburua, eta 2019an, La vida en los confines de la Tierra. Lehen liburuaren harrera onak bultzatuta?

Bai. Izugarrizko harrera izan zuen La vida en el limite de la vidak. Hori ikusita proposatu ziguten bigarrena idaztea, eta geure artean hitz eginda, erabaki genuen hirugarren batekin borobildu behar genuela ibilbidea. Poloetako esplorazioari eskaini genion bigarren liburua, eta horrek lehendabizikoak baino literatura gehiago eskatu zigun, poloetara eta polo inguruetara egindako hasierako espedizio haiek bi, hiru, lau edo bost urte irauten baitzuten. Bestetik, liburuei geure zigilu pertsonala eman nahi genienez, Sebasi proposatu nion berak Al filo de lo imposible saiorako egindako espedizioetaz ere idaztea; horrela, lehendik eginda zeuzkan artikulu batzuk sartu genituen. Lehen liburuan biok sartu genituen geure testigantzak, baina poloen kasuan, nik ez neukan esperientziarik, eta berak bai. Gauza bera egin dugu basamortuei eskainitako liburuan.

Bigarren liburua ere izugarrizko arrakastarekin jaio zen, 2019ko abenduan. 2020ko otsailera arte, aurkezpen pila bat egin genituen. Martxoan ere beste pila bat egitea aurreikusten genuen, baina koronabirusa iritsi zen. Beraz, toki askotan egitekoak ginen aurkezpenak bertan behera utzi behar izan genituen. Orain, otsailetik aurrera, eta COVIDak uzten badigu, horiek berreskuratzea da gure asmoa.

Hirugarren liburua pandemia betean idatzi duzue. Horrek zerbaitetan baldintzatu al du zuen lana?

Neurri batean bai, baina bestela ere Sebas Madrilen bizi da eta ni hemen, eta ohituta geunden distantziara lan egiten. Sebasen etxean bi egonaldi egin nituen. Horietan asko aurreratu genuen lana, eta hortik aurrera bakoitza bere etxetik aritu gara. Egunero hitz egiten genuen, eta batak bestearen lana zuzentzen genuen. Testuei eta kontakizunari bateratasuna ematen ahalegintzen ginen, eta helburu hori lortu dugula esan daiteke; editoreak esaten digu ez dagoela jakiterik zer idatzi dudan nik eta zer Sebasek. Hirugarren liburua pandemiari esker egin dugula ere esan daiteke. Izan ere, nik neure eginkizunak neuzkan, eta Sebasek hitzaldiren bat ematen du egunero, han eta hemen. Beraz, pandemiak ekarri zuen geldialdiak erraztu zigun hirugarren liburua egiteko prozesua.

Bigarrena bukatzerako buruan al zenuten hirugarrenaren gaia?

Ez, artean ez. Bigarren liburua atera berritan, Valentzian [Herrialde Katalanak] egin genuen aurkezpen baten ondoren, trenean pertsona bat etorri zitzaigun galdezka, ea hirugarren liburu bat aterako al genuen. Orduan, Sebasek esan zidan bizimodu konplikatua zela berea, ez zekiela nola ibiliko zen beste liburu bat egiteko, eta nahiago zuela hitzik ez ematea. Urte sabatikoa hartuko genuela erantzun nion, baina handik hiru hilabete eskasera etorri zen pandemia, planak aldatu zizkigun, eta lanari ekin genion.

Liburuak lau eskutara egiterakoan, nola banatu izan dituzue lanak?

Berak aurrez idatzitako testuen ekarpenaz gain, argazkien arloan egin du lan handiena Sebasek, bereak baitira argazki guztiak. Ikerketaren eta literatur arloaren pisua eraman dut nik batik bat, eta esperientzia pertsonalak eta argazkiak jarri ditu Sebasek. Talde lan bikaina egin dugula uste dut. Nire aurreikuspen guztiak gainditu ditu gure elkarlanaren emaitzak, esperientzia zoragarria izan da niretzat.

Mendia ezagutzen duzu, baina poloak ez. Basamortuekin izan al duzu harremanik?

Hiru basamortutan egondakoa naiz, baina liburuan jaso ditugun mailako esperientziekin zerikusirik ez dute nireek.

Zer jaso duzue, bada, azken liburu horretan?

Desertuetako esplorazioak aurreko bi gaiek ez duten zerbait dute: historia askoz luzeagoa. Esaterako, Jesukristo baino askoz aurretik, basamortuetan hiru erlijio sortu ziren, judua, kristaua eta islama; eta Laszlo Almasyk 1933an aurkitu zuen Igerilarien Koba, Jesukristo baino 8.000 urte lehenago egindako labar margoekin. Mendizaletasunaren lehen urratsak, berriz, Ilustrazioarekin etorri ziren, XVIII. mendean. Esplorazioari dagokionez, mendian, poloetan zein basamortuetan, aro garrantzitsuena, aro heroikoa, XIX. mendearen erditik 1920ra bitartekoa izan zen, mendiaren kasuan aro hori 1950eko hamarkadara arte luzatu zen arren. Basamortuak pasalekuak ere izan dira mendeetan zehar, bizitza eta historia handia izan dute. Gure liburuan, desertuetan emandako edota desertuekin lotutako dramak eta tragediak, garaipenak eta porrotak, espiritualtasuna, edertasuna... jorratu ditugu, gai bakoitzari bloke bat eskainita, hainbat esploratzaileren eta abenturazaleren testigantzekin hornituta. Aurreko liburuetan bezala, kontakizunaren bidez abentura handien eta eguneroko bizitzaren artean dagoen lotura estua ere nabarmendu nahi izan dugu, eguneroko bizitza baino abentura handiagorik ez baitago.

Zein izan da zuretzat trilogia hau osatzen eman dituzun bost urteetako irakaspen nagusia?

Asko ikasi dut, egunero zerbait. Ikastea da bizitzak ematen digun aukerarik politena. Asko ikasi dut Sebasengandik, asko ikasi dut irakurri ditudan testuetatik; eta ikasi dut bihotza ilusioz beteta eduki behar dela, zoriontasuna ez dela existitzen, zoriontasuna eraiki egin behar dela.

Aurrera begira zer asmo dituzu? Idazten jarraituko al duzu?

Azken hau nire bederatzigarren liburua da, eta hamargarrena nahiko aurreratuta daukat. Eleberri bat da. Nire ilusioa izan da beti nobelagintza, eta gustura ari naiz. Bukatu dugun trilogiaren liburuak euskaratuta ikustea ere gustatuko litzaidake. Gure aldetik ez legoke material guztia uzteko inongo arazorik.