Andoni Garaizar: "Kulturazek bere eredua egonkorra izatea lortu du"

Julene Frantzesena 2021ko abe. 22a, 15:53
Andoni Garaizar.

Kulturaz kooperatibaren jardunaren inpaktu ekonomikoa, soziala eta kulturala neurtu ditu Kultibak. Hainbat herritarren eta kultur eragileren laguntza izan dute horretarako.

Kulturaz kooperatibaren inpaktu ekonomikoa, soziala eta kulturala neurtu ditu Kultiba kooperatibak oraintsu. Askotariko datuak ondorioztatu dituzte, 150 herritarri egindako inkesten eta hamabi kultur eragileri egindako elkarrizketen bidez. Gauzatutako lanaren errepasoa egin du Andoni Garaizar (Plentzia, Bizkaia, 1971) Azpeitiko bizilagunak eta neurketa egin duen Kultibako teknikariak.

Kulturaz kooperatibak hamar urte bete ditu, eta Kultiba kooperatibak haren jardunaren inpaktu ekonomikoa, soziala eta kulturala aztertu ditu. Oro har, zertan eragin du urteotan Kulturazek Azpeitian?

Funtzionamendu egonkorra eta aitortua lortu du kooperatibak, bai herritarren aldetik, baita sektorearen aldetik ere.

Kultura antolatzeko eta kudeatzeko eredu berri bat ekarri du Kulturazek Azpeitira. Zertan oinarritzen da jardun hori?

Herritarrekin eta kultur eragileekin harreman zuzenean oinarrituta, sormena hauspotu dute. Era berean, oso ondo baloratutako kultur eskaintza eratu dute.

Zer balio du kudeaketa eredu horrek?

Askotariko balioak aurki daitezke Kulturazen kudeaketan. Honako hauek dira kultur eragileek aipatu dituztenak:burokrazia gutxiago nahiz sortzeko askatasuna. Herritarrek, berriz, eskaintzaren aniztasuna eta Azpeititik irten gabe erreferentziazko artistak ikusteko aukera aipatu dituzte, beste batzuen artean.

Euskal Herrian aitzindaria al da Kulturazen eredua? Eta beste herri batzuetako proiektuetarako erabilgarria?

Gaur egun dena dago asmatuta, baina esan daiteke horrelako eredu bat epe luzera egonkortzeko eta bideragarri egiteko gaitasuna erakutsi duela Kulturazek. Eta inguruak horrela aitortzen dio.

Azpeitiko kultura egituratzen lagundu al du Kulturazek? Nola?

Azpeitiko kultura eta ingurukoa egituratzen lagundu du. Pare bat datu emango ditut: alde batetik, azpeitiarrek kultur arloan –liburuak, diskoak, kontzertuak eta abar–  gauzatzen duten gastuaren %25 inguru Kulturazen bitartez egiten dute. Erdi-erdian jarri da, beraz, Kulturaz. Bestalde, programazioaren (cachet-en) gastuaren ehuneko handi bat, %90etik gora, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten du Kulturazek, modu horretan euskal kulturaren sektorea indartuz.

Herritarrek zer iritzi dute horri buruz?

Kulturazen eskaintza aberatsa eskertzen dute herritarrek, baita kultura kontsumitzera herritik kanpo joan beharrik ez izatea ere.

Eta elkarrizketatu dituzuen sortzaileek zer iritzi dute?

Lehen aipatutako  sortzeko askatasuna, daukaten ideia garatzeko eskainitako erraztasunak eta ordainsari duina aipatu dituzte horiek. Herriko eragileei zehatzago begiratuta, horiek Kulturazek fokua non jarri behar duen erabakitzeko elkarrizketan aritu dira. Izan ere, fokua zer da Azpeitia? Kulturaren sektorea? Lurraldea?

"Kulturazen eskaintza lehiakorra da: pertsonak ordaintzeko prest daudela diotenaren azpitik dago haren eskaintza", dio zuen azterlanak. Zergatik?

Galdetegian hori ere landu dugu, eta bereizketa dago ospedun sortzaileen eta ospe gabekoen artean. Herritarrek ematen dituzten kopuruen azpitik dago Kulturazen diru sarreren batez bestekoa; nabarmen azpitik, gainera. Meritu handia ematen diogu ezaugarri horiekin horrelako lana egiteari.

Kulturazen jardunak zer inpaktu izan du kulturan? Ateera dituzuen ondorioetatik, zer azpimarratuko zenuke?

10.000 biztanleko ekitaldi kopurua neurtuta, azpeitiar batek Gipuzkoako edo Euskal Autonomia Erkidegoko beste biztanle batek baino aukera gehiago ditu. Bi eremu horien batez bestekoetan hiriburuetako datuak ere hartzen dira kontuan; beraz, Azpeitiak dituen datuen atzean lan handia dagoela argi ikusten dugu.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, honako lotura honetan.