Ohiko moduan ez, baina Olentzerok, Mari Domingik eta Erregeek Azpeitira bisita egingo dute Gabonetan

Julene Frantzesena 2021ko abe. 21a, 08:55
Olentzero eta Mari Domingi 2019an plazan.

Udalak eta eragileek erabaki dute, hainbat neurri hartuta eta aldaketak eginda bada ere, Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejirari eustea, baita Erregeen bisitari ere. Gainera, haurrentzako hainbat ekintza izango dira Gabonetan herrian, hala nola Gabon parkea, laser borrokaldia, eski simulatzailea eta Kantu kolore ikuskizuna.

Gabonen bueltan hainbat ekintza egitea adostu dute Azpeitiko Udalak eta herriko eragileek, azken asteetan egin dituzten bileretan. Hain zuzen ere, Olentzero eta Mari Domingi herrian izango dira hilaren 24an, herriko haurrak agurtzen. Dena den, ez da ohiko bisita izango; hainbat neurri hartu dituzte COVID-19aren pandemia tarteko. Horrenbestez, 12:30ean San Martin egoitzaren aurretik hasiko dute kalejira, baina aurten ez dira umeak laguntzaile lanetan ariko.

Kalejira bukatzean, plazan egingo dute geldialdia Olentzerok eta Mari Domingik, eta han Itsasi dantza taldeko kideek Agurra egingo diete, eta ikastetxe bakoitzeko haurrek bertso bana abestuko dute, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariek lagunduta. Gainera, aurten gutunak ez dituzte jasoko; horretarako postontziak jarriko dituzte plazan.

Bestalde, abenduaren 27tik urtarrilaren 4ra bitartean, haurrentzako hainbat ekintza izango dira herrian. Besteak beste, Gabon parkea izango da abenduaren 27tik 30era bitartean Izarraitz pilotalekuan, 09:45etik 20:00etara bitartean, eta sarrera bi euro ordaindu beharko da. Txandaka antolatuko dute parkea: lehen txanda, 09:45etik 10:45era bitartekoa, aniztasun funtzionala duten umeentzako izango da, eta gainerakoak ere denbora tarte bera izango dute. Udalak azaldu duenez, osasun egoera aintzat hartuta aukeratu dituzte parkean jarriko dituzten jolasak, eta txandatik txandara bitartean, eremua aireztatu eta desifektatuko dutela adierazi du.

Horrez gain, hilaren 28an 10 eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzat laser borrokaldia izango da Izarraizko Atea parkean, eta txanda bakoitzean –lau txanda izango dira– 24 lagunek parte hartu ahal izango dute. Urtarrilaren 1ean eta 2an, berriz, eski simulatzailea jarriko dute plazan –eguraldi txarra egiten badu, Betharramen–; hilaren 1ean, 16:00etatik 20:30era izango da erabilgarri; eta 2an, 11:00etatik 14:00etara nahiz 16:00etatik 20:30era. Simulatzailea doakoa izango da, eta herritarrek ez dute aurrez txandarik eskatu beharko. Urtarrilaren 4an, berriz, Kantu kolore ikuskizuna izango da Soreasu antzokian, eta datozen egunetan jarriko dituzte emanaldirako sarrerak salgai.

Udalak ekintza horietan gutietan "segurtasuna" nagusitu dadin, osasun neurriak errespetatzeko eskatu die herritarrei. Gainera, hori dela eta, ekintza ia guztietarako gonbidapenak eskatu beharko dira –behean zerrenda– aurrez, eta ekintza gutxi batzuk ordaindu egin beharko dira, hala nola Gabon parkerako eta Kantu Kolore emanaldirako sarrerak.

Erregeak txu-txu trenean

Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeen desfilea ere egitea erabaki dute udalak eta eragileek. Beraz, urtarrilaren 5ean iritsiko dira horiek herrira, baina desfilea ez dute ohiko moduan egingo. Txu-txu trenean ibiliko dira herrian, 18:30etik aurrera, eta herriko auzoak bisitatuko dituzte. Haurrak agurtu ostean, udaletxera igoko dira, eta handik berriro txu-txu trenean joango dira. Ibilbidean, gainera, ez dute gozokirik jaurtiko erregeek, baina udalak adierazi duenez, horiek herriko ikastetxeetan utziko dituzte gozokiak, haurrek ikasturteari berriro ekiten diotenerako.

Aurreko egunean ez dira aurten Erregeen laguntzaileak Azpeitian izango, baina horien ordez, udalak hainbat buzoi jarriko ditu urtarrilaren 3tik 5era bitartean, igerilekuaren aurrean, anbulatorioaren aurrean eta udaletxearen azpian. Haurrek horietan utzi ahal izango dituzte Erregeei zuzendutako gutunak.

Hona hemen, gonbidapenak eskatzeko zerrenda:

Abenduak 27tik 30era, haurrentzako Gabonetako parkea:

Abenduak 28: laser borrokaldia: