Pozez jaso dute Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita herriko ikastetxeetan

Maialen Etxaniz 2021ko abe. 20a, 18:03

Eguna hitzorduz beteta izan dute Olentzerok eta Mari Domingik. Goizean Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean izan dira bisitan, eta arratsaldean Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Ilusioz hartu dituzte ikasleek nahiz irakasleek. 

Gabonak ate joka daude, eta urtero data hauetan egin ohi duten gisan, Olentzerok eta Mari Domingik bisita egin diete Azpeitiko ikastetxeetako ikasleei. Goizean hasi eta arratsaldera arte, haurren eta irakasleen gutunak jasotzen ibili dira ikastetxez ikastetxe. 

Aurreneko geldialdiak Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean egin dituzte, eta arratsaldean Azpeitiko Ikastola Ikasberrira joan dira. Ikastetxe guztietan ilusioz eta esku zabalik hartu dituzte Olentzero eta Mari Domingi, eta haurrek zein irakasleek gogotik gozatu dute haien bisitaz, giro paregabean. Musikarik ez da falta izan, eta gabon kantak abestu dituzte elkarrekin ikasleek, irakasleek nahiz Olentzerok eta Mari Domingik.