Naiz irratiak eta Kamikaz kolektiboak 'Jaiotza Basatia' irratsaioa eskainiko dute igandean Dinamoan

Anartz Izagirre 2021ko abe. 20a, 10:50
Dinamoa sormen gunean egingo dute saioa, zuzenean.

Erika Olaizolak, Amancay Gaztañagak, Iraia Eliasek eta Miren Gaztañagak aurkeztuko dute irratsaioa, 12:00etan; besteak beste, Gabonen inguruko hausnarketa egingo dute programan. Aldez aurretik izena eman beharko da ekitaldirako, eta egun batzuk lehenago jarriko dute horretarako aukera.

Naiz irratiak Jaiotza Basatia izeneko jendaurreko bi irratsaio eskainiko ditu abenduaren 26an eta 27an, eta horietatik lehena Dinamoa sormen gunean izango da —bigarrena Donostiako Dokan egingo dute—. Bertan, Kamikaz kolektiboko Erika Olaizola, Amancay Gaztañaga, Iraia Elias eta Miren Gaztañaga aktoreek parte hartuko dute, eta Gabonen inguruko hausnarketa "kritiko, historiko eta feminista" egingo dute saioetan.

Emanaldi bakoitzak ordu eta laurdeneko iraupena izango du, eta elkarrizketa nagusi bat egingo da bertan. Naiz.eus-ek adierazi duenez, Azpeitian egingo den lehendabiziko saioan XXI. mendeko "Gabon materialisten haria hartu, eta tira" egingo dute antzinarora arte. Festa horiek izan duten bilakaeran arakatuko dute, eta horretarako, Artearen historian doktorea den nahiz EHUko irakasle eta arte erlijiosoan aditua den Aintzane Erkizia gonbidatuko dute. Iragarri dutenez, Donostiako saioan "oso bide ezberdin batetik" joko dute irratsaioko protagonistek.

Azpeitiko saioa 12:00etan izango da, eta aldez aurretik izena eman beharko da irratsaioa zuzenean ikus-entzuteko. Eguna iritsi baino egun batzuk lehenago egongo da izena emateko aukera, eta Internet bidez egin beharko da erreserba. Emankizuna hasi baino 30 minutu lehenago irekiko dituzte Dinamoko ateak. Bestalde, Jaiotza Basatia irratsaioa zuzenean emango dute Naiz irratian ere, eta FM zein streaming bidez entzun ahal izango da —Urola eskualdean 91,8 seinalean entzun daiteke Naiz irratia—.