LOMLOE legea salatu eta kalitatezko hezkuntza zerbitzuak aldarrikatu dituzte dozenaka ikaslek

Maialen Etxaniz 2021ko abe. 17a, 13:28

Hezkuntza dekadentzia, ikasleon miseria izeneko dinamikaren barruan, Ikasle Abertzaleek elkarretaratzeak egin dituzte gaur goizean. Bertan, hezkuntzaren kalitateak "jaisten" jarraitzen duela salatu dute. Era berean, adierazi dute herriko zenbait ikastetxetan ere zerbitzuak kaskartu direla, eta horrek eragina izan duela ikasleengan. Espainiako hezkuntza lege berriaren kontra ere agertu dira. 

Azpeitiko Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte gaur goizean Azpeitiko Ikastola Ikasberrin eta Urola Ikastolan, Kalitatezko eta doako hezkuntza zerbitzuak. LOMLOEri ez! lelo hartuta. Hain zuzen, hezkuntza zerbitzuen murrizketen eta LOMLOE Espainiako hezkuntza lege berriaren kontra mobilizatu dira ikasleak gaurkoan. Joan zen urrian Hezkuntza dekadentzia, ikasleon miseria izeneko dinamika abiatu zuen Azpeitiko IAk, eta salatu zuen hezkuntzaren kalitateak "jaisten" jarraitzen duela, "langileen bizi baldintzen okertzearekin batera". Urrian abiatutako salaketa dinamika horri lotuta mobilizatu dira gaur ere. Ikasle Abertzaleek "hezkuntza dekadentziaren" erakusle gisa jarri dute LOMLOE legea; izan ere, haien ustez  Espainiako hezkuntza lege berriak "hezkuntza enpresarien behar berrietara egokitu, hezkuntza jasaten ari den dekadentzia formalizatu eta juridikoki babesten du". 

Azpeitiko IAren arabera, oinarrizko hezkuntza zerbitzuak "ikasle langileek hezkuntzarako sarbidea izateko oinarrizko bermeak" dira: "Horien faltan familia askok ezin diote aurre egin hezkuntzak suposatzen dituen gastuei eta zailtasun guztiei. Horren adibide dira  jangela edo garraio zerbitzuak ez egoteak eragiten dituzten zailtasunak: ikastetxera baldintza egokietan iristeko ezintasuna edo elikadura egoki baten gabezia, besteak beste". Era berean, azpimarratu dute hezkuntza zerbitzuen murrizketek "segregazioan sakontzeko baldintzak" ere jartzen dituztela. "Hezkuntza publikoko murrizketen ondorioz, gaitasun ekonomikoa duten familien seme-alabek bakarrik egin ahalko diote aurre aipatutako oztopoei, eta horrek are gehiago bideratuko du gaitasun ekonomikorik gabeko sektorea kalitate baxuko ikasketetara, modu horretan bi sektoreen arteko arrakala handituz. Horrela, gaitasun ekonomikoa duten familien seme-alabek aurrera egiteko gaitasuna duten bitartean, sektore proletarizatuenen seme-alabek arazo nabarmenak dituzte", adierazi dute IAko kideek.

Herriko ikastetxeetan ere bai

Azpeitira ekarri dute gaia, eta herriko zenbait ikastetxetan murrizketak identifikatu dituztela adierazi dute. "Gure kasuan, argi ikusi dugu hezkuntza zerbitzuen murrizketak eragin zuzena izan duela ikasleongan. Bai Urolako kasuan, baita Ikasberriko kasuan ere. Klaseak behar bezala emateko azpiegitura zein baliabideak falta izan zaizkigu eta, horrez gain, autobus zerbitzuen hutsune bat ikusi dugu". 

IAko kideen arabera, "oinarrizko zerbitzuen kaskartzea hezkuntzaren dekadentziaren espresio bat baino ez da", eta gabezia horiek "erroko arazo baten ondorio" direla uste dutenez, diote "erroko konponbide baten bitartez bakarrik" egin ahalko diotela aurre arazoari. "Arazoa sistema kapitalistan bertan kokatu behar dugu, horren bueltan antolatzen baita hezkuntza sistema osoa. LOMLOE edo antzerako erreforma partzialek ez dute arazoa behar bezala kokatzen, eta, beraz, ez dira gai arazo honen aurrean konponbide errealak eskaintzeko; kontrara, hori sakontzea eta betikotzea ahalbidetzen dute". Horrenbestez, "kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala" izango den hezkuntza sistema aldarrikatu dute Azpeitiko IAko kideek. 

(Argazkiak: Azpeitiko Ikasle Abertzaleak)