IRITZIA

Ongizatea helburu duen lehiakortasuna

Uztarria.eus 2021ko abe. 17a, 10:00

Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak azaroko Ekonomia gehigarrian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Lurralde baten lehiakortasuna eta garapena bultzatzeko ez da nahikoa aurrerapen ekonomikoa sustatzea. Garapen ekonomikoak eta horretarako gako garrantzitsua den berrikuntzak pertsonen eta gizartearen ongizatea bilatu behar du. Ildo horretatik, gero eta ugariagoak dira garapena sustatzeko barne produktu gordinetik harago joan behar dugula dioten egitasmoak: Nazio Batuek urtero argitaratzen duten Amartya Senen Giza Garapenaren Indizea (GGI), Garapen Jasangarrirako Helburuak eta haiek neurtzeko Nazio Batuek proposatutako sistema...

Bestalde, mundu mailan erronka oso garrantzitsuak ditugu momentu honetan, hiru trantsizio handiri dagozkienak: energia eta klima aldaketaren erronka; eraldaketa digitalak eta teknologi aurrerapenak jarduera ekonomikoetan, pertsonen gaitasun-beharretan eta etorkizuneko lanean sortzen dituen aldaketen aurreko erronka; eta osasunaren eta zaintzaren inguruan bilakaera demografikoak sortzen digun erronka. Erronka horiek guztiek lurralde batean pertsonen ongizatea bultzatuko duen lehiakortasuneko eredu berritua eskatzen dute, eta Orkestran azkeneko urtean zehar gogoeta anitz egin dugu eredu berritu hori lantzeko.

Ongizatearen zerbitzura dagoen lehiakortasunak ekonomia eta enpresa emaitzen dimentsioak eta giza ongizatearen emaitzen dimentsioak uztartzen ditu (irudian erdigunean urdinez daudenak). Dimentsio horiek eta elkarren arteko eragina bi elementu multzok baldintzatzen dituzte: alde batetik, lurraldeko egiturazko inguruneko elementuek, epe labur eta ertainera aldatzeko zailak direnak (irudian ezkerraldean), eta, beste alde batetik, palanka dinamikoek (irudian eskubian), hainbat norabidetan erabil eta gara daitezkeenak, ongizatearen zerbitzura egongo den lehiakortasunean aldaketak eragiteko. Gainera, zeharkako oinarrizko beste zenbait elementu ere eransten dira, besteak beste, inklusibitatea eta nazioarteko lotura.

Pertsonen ongizatea sustatzea litzateke azken helburua, eta horretarako, pertsonek ondorengo sei dimentsio hauetan ongizatea izatea bilatu behako genuke:

  • Bizitza baldintza materialak: lurralde batean bizi diren pertsonen bizitzaren dimentsio materialak (diru sarrerak, etxe-bizitza…)
  • Enplegua: lurralde batean bizi diren pertsonen enpleguaren kantitatea eta kalitatea.
  • Ikaskuntza: lurralde batean bizi diren pertsonen hezkuntza eta prestakuntza maila eta ikas-teko gaitasuna.
  • Osasuna: lurralde batean bizi diren pertsonen osasuna.
  • Gizarte bizitza: lurralde batean bizi diren pertsonen bizitzako gizarte dimentsioak.
  • Ingurumena: lurralde batean bizi diren pertsonen ingurumen kalitatea.

Pertsonen ongizatearen eta ekonomia eta enpresen emaitzen artean elkarreragina dago, eta lurraldean elkarreragin hori ahalik eta positiboena egitea ahalbidetuko duten estrategiak eta ekimenak sustatu beharko genituzke. Ekonomia eta enpresen emaitzen artean ondorengoak bereizten ditu Orkestrak garatutako ereduak:

  • Produktibitatea eta biztanleko BPG: lurralde bateko lehiakortasun ekonomikoaren azken adierazleak dira, lurraldeko ekonomia eta enpresa sistemak balio erantsia sortzeko duen gaitasuna neurtzen baitute.
  • Enpresen errentagarritasuna: enpresa lehiakortasunaren azken adierazlea da, eta lurraldeko ekonomia eta enpresa sistemak beren jardueretan errentagarritasuna sortzeko duen gaitasuna neurtzen du.
  • Berrikuntza: enpresen eta lurraldearen lehiakortasunaren funtsezko baldintzatzailea da, eta lurralde bateko ekonomia eta enpresa sistemak berrikuntza emaitzak sortzeko duen gaitasuna neurtzen du.
  • Ekoizpenaren eta merkataritzaren nazioartekotzea, lurralde bateko ekonomia eta enpresa sistemak nazioartera ateratzeko duen gaitasuna dela ulertuta. Enpresen eta lurraldearen lehiakortasunaren errendimendua islatzen du.

Lurralde baten garapen ereduaren azken helburuak herritarren ongizate maila areagotzea izan behar du. Lehiakortasuna eta ekonomia eta enpresa emaitzak bitarteko helburuak dira, eta ez azken helburuak. Bitarteko helburuak izanik, helburu horiek lortu behar dira, pertsonen ongizate maila areagotzeko. Baina, praktikan, pertsonen ongizateak eta ekonomia eta enpresen lehiakortasunak eta errendimenduak elkar eragiten dute. Adibidez, ekonomia eta enpresa errendimendu onak BPG handitzea ahalbidetzen du, eta horrek ekarriko du pertsonen errenta handitzea, enplegu maila handitzea, hezkuntzan eta osasunean egiten den gastu publikoa handitzea, gizarte egonkortasuna handitzea, natur baliabideak efizientzia handiagoz erabiltzea eta ingurumena ba-besteko inbertsioak egiteko ahalmen handiagoa izatea. Horiek guztiek, azken batean, bizitzarekiko gogobetetasuna handituko dute. Baina, aldi berean, herritarren errenta maila handiagoak eskari sofistikatuagoa ekarriko du, baita pertsonen kualifikazio handiagoa eta osasun hobea ere. Eta horrek produktibitatea areagotuko du eta, bide batez, ekonomia eta enpresa errendimendua hobetuko du.

Gizarte batean pertsonak, ordea, desberdinak dira jatorrizko ezaugarriengatik (sexua, arraza...) edo norberak egindako aukerengatik (erlijioa, adskripzio politikoa...). Gainera, hainbat harreman esparru dituzte (familia, lan esparrua, gizarte esparrua...) eta, horien arabera, talde desberdinetan barneratzen dira. Eredu honekin bilatzen dugun ongizatea ongizate inklusiboa da, hau da, gizartea osatzen duten pertsona guztien ongizateak ekitatiboa izan behar du dimentsio desberdin hauetan, eta, aldi berean, kolektibo guztiek, nork bere esparruan eta bere estrategiarekin, ongizate inklusibo horren eraikuntzan lagundu beharko lukete.

Azkenik, nazioarteko lotura da zeharkako beste elementua, ongizateak iraunkorra izateko belaunaldien barneko erantzunkidetasuna (lurralde jakin baten barnean eta gainerako gizarteekin) eta belaunaldien artekoa (etorkizuneko belaunaldiekin) eskatzen baititu.

Eredu honek lurralde bateko lehiakortasun eta ongizate eredua aztertzen lagundu beharko liguke, ezagutzeko lurralde bakoitzak lehiakortasunaren eta ongizatearen zein dimentsiotan dituen indarguneak eta zeinetan ahultasunak, hala, erronkak eta aukerak identifikatu eta lurraldeko pertsonen ongizatearen zerbitzura egongo den lehiakortasuna sustatzeko estrategiak eta ekimenak martxan jartzeko.

Guk lehen pauso gisa, eredu hau Euskal Autonomi Erkidegora aplikatu dugu, eta lan horren emaitzak datozen egunetan izango dituzue eskuragarri EAEko Lehiakortasunari Buruzko 2021eko Txostenean.