Alex Artzelus: "Ez dut uste euskalkiak desagertuko direnik, baina antzekotu bai"

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 15a, 16:33
(Argazkia: Utzitakoa)

Euskal Filologia ikasi zuen Artzelusek, eta Garaziko hizkeraren inguruko doktore tesia egin du. Ipar Euskal Herriko hizkeraz, muga politikoaren eraginaz eta euskararen egoeraz hitz egin du. 

Bergaran jaio, Azpeitian hazi, Gasteizen bizi. Eta Nafarroa Beherera nahiz Zuberoara joan izan da sarri-sarri. Hango eta hemengo iturrietatik edan du Alex Artzelusek (Bergara, Gipuzkoa, 1992), eta ziur aski, hortik etorriko da haren pasioa: euskara, eta bereziki, dialektologia interesatzen zaizkio. Ez interesatu bakarrik, Euskal Filologia ikasi zuen, eta Garaziko hizkeraren inguruko doktore tesia egin du. Bazkalostean, trikitia jotzen ari zela harrapatu du hedabide honek.

Garaziko hizkeraren inguruko ikerketa egin duzu, Irulegiko Irratian kolaboratzen duzu... Gipuzkoarra izanda, nondik datorkizu Ipar Euskal Herriarekiko halako atxikimendua?

Betidanik asko gustatu izan zaizkit Zuberoa eta Nafarroa Beherea, gurasoekin joaten nintzelako. Lapurdirekiko beti izan dut lotura gutxiago: izan ere, oso laua da, eta herriak dezente handiak dira. Horregatik, gehiago gustatu izan zaizkit Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Nik 13 bat urte neuzkala hasi ginen leku horietara joaten, eta ikusten nuen gure inguruan galdu diren gauza asko gordetzen zituztela: lehengo basoak, baserria ere askoz biziago dago han... Amak kontatzen zizkidan ipuinak bizirik ikusten nituen han, eta horregatik hasi zitzaidan asko gustatzen. Gainera, hara joatean konturatzen zara zer den benetan euskalduna izatea: hau da, zer datorkizun zuri Espainiako Estatuak inposatu dizulako, eta zer ez. Hara joaten zarenean, Espainiatik edan duzun hori dena albo batera utzi behar duzu, bestela ez baituzu ezer ulertuko: ez erreferentziak, ez hizkuntza... Hori oso ariketa interesgarria iruditzen zitzaidan.

Iparraldera egindako joan-etorri horietan, Garaziko euskarak interes berezia piztu zizun.

Luzaideko errealitateak piztu zidan arreta. Luzaide berez Nafarroa garaian dago, baina hango kultura, etxeen arkitektura nahiz euskara Garaziko berak dira. 23 urte nituela, lan txiki bat egin nuen Luzaideko euskararen inguruan, eta hango amandre batengana joan nintzen: Garaziko euskararen berdin-berdina hitz egiten zuen, baina ez zekien frantsesez. Garazin, bestalde, ez dakite gaztelaniaz. Muga bat erdian egonda, euskara modu berean hitz egiten zuten bi aldeetan, eta horrek harrituta utzi ninduen. Zaharren artean ez da nabaritzen muga hori apenas, baina gazteagoen artean bai: haien artean, frantsesak eta espainierak sekulako eragina daukate. Muga politiko bat muga naturala gainditzeko gai izan da, eta horrek euskara desberdintzea eragin du.

Interes horretatik jaio zen zure doktore tesia: Garaziko hizkuntza-aldakortasuna. Zer deskubritu zenuen ikerketa hartan?

Mugatik iparraldera frantsesak sekulako eragina daukala, eta mugatik hegoaldera espainierak. Horrez gain, Iparraldeko eta Hegoaldeko batuaren kontua nabarmenduko nuke. Hegoaldeko batua Gipuzkeran oinarrituta dagoen euskara batua da, baina hizkuntza estandar horrek Hegoaldeko kutsua daukanez, Iparraldean beren eredua garatzen ari dira: Iparraldeko batua. Dena den, gazteen artean, uste nuena baino aldakortasun handiagoa dago: mugatik iparraldera, denek Iparraldeko batuaren antzeko hizkera baliatuko zutela uste nuen, eta ez da horrela. Praktika komunitateak deitzen direnen arabera dago aldea, batez ere, gazteen artean. Hau da, gazte horiek ibiltzen diren giroaren arabera, aldatu egiten dira haien hizkuntza joerak: adibidez, gaztetxe giroan edo giro abertzale batean ibiltzen direnen eta politikoki hain aktiboak ez direnen artean alde handia dago. Gaztetxe giro horretakoak dira euskara gehien erabiltzen dutenak eta Iparraldeko batura gehien hurbiltzen direnak.

Zein da euskararen egoera Ipar Euskal Herrian?

1980an, Nafarroa Behereko herri denetan %80tik gora ziren euskaldunak, adibidez. Zuberoan herri batzuk frantsesagoak izan dira lehenagotik ere, eta Lapurdin, zer esanik ez, batez ere kostaldean. Baina Nafarroa Beherea Gipuzkoa baino euskaldunagoa zen duela 40 urte. Han zahar denek dakite euskaraz, eta frantsesez baino hobeto, gainera. Helduek badakite euskaraz, baina normalean ez dute erabiltzen. Gure adinekoei, berriz, ez zaie irakatsi. Beraz, mugimendu abertzaleari edo euskaltzaleari nahiz ikastolei esker kontserbatzen da han euskara; bestela, akabo. Genozidio linguistikoa gertatu da, funtsean: %80 euskaldunak izatetik %40ra igaro gara bat-batean. Atera kontuak.

Irulegiko Irratian kolaboratzen duzu, eta Garaziko euskaraz hitz egiten duzu saioetan. Nola ikasi zenuen euskalki hori?

Jendearekin hitz eginez. Zaharrei elkarrizketak egiten nizkien, eta gero entzun egiten nituen. Gainera, egunerokoan arreta jartzen nuen jendeak berba egiteko zuen moduan, eta saiatzen nintzen arauak topatzen, horiek ikertzen eta neureganatzen. Era berean, Pedro Irizar azkoitiarrak Euskal Herri osoko aditz taulak bildu zituen, eta horiek irakurtzen nituen, ikasi ere bai... Horrelaxe, praktikatuz eta asko berba eginez ikasi nuen euskalkia.

Arrate irratian ere hitz egiten duzu.

Bai, duela hamar urte hasi nintzen han lanean, eta gaur egun, udan eta Gabonetan aritzen naiz. Sasoi batean, Info7 irratian ere egiten nituen kolaborazioak.

Zergatik gustatzen zaizu hainbeste irratia?

Txikitatik gustatzen zitzaidan Arrate asko, trikitia eta herri giroa atsegin ditudalako. Irratiak badauka, agian, telebistak ez duen xarma: ez da hain komertziala, beste eduki batzuk lantzen dira, entzuleekiko gertutasun handia eskaintzen du... Hori niretzat zoragarria da; gozatu egiten dut.

Zenbat euskalki hitz egiteko gai zara?

Bizkaiera badakit, Bergaran bizkaieraz egiten delako. Gipuzkeraz ere bai, bizitza osoa Azpeitian egin dudalako. 16 urterekin, zaraitzuera ikasten hasi nintzen, eta Zuberoako eta Garaziko euskarak ere ikasi nituen. Erronkariko euskara ere badakit, eta Aezkoakoa ere bai. Ultzama inguruko euskalkia ere hitz egin dezaket pixka bat. Euskalki askoren inguruan dakit zerbait, baina ondo-ondo hitz egiten ditudanak ez dira hainbeste. Beste hainbat ikasteko asmoa ere badut.

Zein da gaur egun euskalkien egoera? Euskara batuarekin indarra galdu dutela esango zenuke, ala ez dauka horrek horrela izan beharrik?

Europa osoan egon da dialektoak galtzeko beldurra. Ziur aski, euskalkiak ez dira sekula erabat galduko euskararen transmisioa egon den herrietan. Beste kontu bat da zer gertatuko den Aezkoan edo Ultzaman: transmisioa eten egin da leku horietan. Iparraldean ere asko uniformetu dira dialektoak. Zergatik? Han ere transmisioa asko eten delako, eta beraz, euskaraz egin nahi baduzu, beste herri batzuetako jendearekin egin behar duzu, herrian bertan ez daudelako hainbeste euskaldun. Dena den, ez dut uste euskalkiak desagertuko direnik, baina antzekotu bai. Hala ere, hori baino larriagoa iruditzen zait euskararen kalitatea galtzen ari dela, gaztelaniak eta frantsesak sekulako eragina daukatelako, bai sintaxian, bai ahoskeran, bai denean. Horrek gehiago kezkatzen nau. Idealena edo politena izango litzateke leku bakoitzeko identitatea indartsu mantentzea, baina...