Manaslura bidean da berriro Alex Txikon

Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 14a, 16:31
Alex Txikon (erdian) eta kideak atzo Loiuko aireportuan, bidaiari ekin aurretik.

Azpeitiko bizilaguna atzo abiatu zen Nepalera espediziokideekin, urte honen hasieran bertan behera utzi zuen saiakerari jarraipena emateko eta Himalaiako tontor hori neguan lehen aldiz igotzeko asmoarekin.

Alex Txikon mendizaleak abentura berri bati ekin dio. Azken urteetan egin izan duen bezala, oraingoan ere Himalaian hasiko du negua Azpeitian bizi den lemoaztarrak; eta joan den neguan bezala, Manaslu (8.156 metro) izango du jopuntuan.

Bi hilabeteko espedizioaren ostean, otsail bukaeran bertan behera utzi zuten Txikonek eta haren espediziokideek munduko zortzigarren mendi garaienaren tontorra zapaltzeko ahalegina. Orain, bigarren aldiz saiatuko dira Manaslun gailurra egiten; lortzen badute, neguan tontor hori zapaltzen aurrenak izango dira.

Manasluko aurreko espedizioan bezala, Simone Moro italiarrak eta Iñaki Alvarez zumarragarrak osatuko dute espedizioa Txikonekin. Atzo abiatu ziren mendizaleak Nepalera.