Koronabirusa Azpeitian

115 positibo, baina intzidentzia tasa beheraka

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 13a, 13:42

Osakidetzak gaur emandako datuen arabera, 2.897,5 da Azpeitiko intzidentzia tasa. Azken lau egunetan 115 positibo zenbatu dituzte herrian. Eskualdean atzemandako positiboen laurdena baino gehiago Azpeitikoak dira.

Beste pixka bat jaitsi da Azpeitiko intzidentzia tasa azken egunotan; izan ere, joan zen ostegunean 2.943,5 zen zenbateko hori, eta Osakidetzak gaur emandako datuen arabera, 2.897,5 da orain. Dena den, atzemandako positiboen kopuruak ez du etenik: 115 positibo zenbatu dituzte lau egunetan –15 ostegunean, 42 ostiralean, 25 zapatuan eta 33 igandean–. Orotara, astebetean, 209 positibo detektatu dituzte herrian.

Ostegunaz geroztik, Urola Kostako herri guztietan baieztatu dute positiboren bat, eta, orotara, 418 izan dira –laurden bat baino gehiago Azpeitikoak–. Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien; hain zuzen ere, lau egunean 121 positibo zenbatu dituzte Zarautzen. Kopuru horiek eragina izan dute 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasan; 1.400,61etik 1.730,42ra igo da Zarauzko tasa astebetean.

Beste herri batzuk ere ez dira atzean gelditzen. Azkoitian, 61 kasu baieztatu dituzte azken lau egunotan, eta joan den astelehenetik 250 puntu igo da intzidentzia tasa: 1.034,80tik 1.285,15era, hain zuzen. Eta igoera are handiagoa izan da Orion: lau egunean 42 positibo hautemanda, 1.826,48koa da hango tasa; duela astebete baino ia 500 puntu handiagoa —1.369,86—. Eskualdeko herri handien artean —5.000 biztanletik gorakoak—, Zumaiak du intzidentzia tasarik baxuena: 915,84koa, hain justu. Han, 27 positibo izan dituzte ostegunaz geroztik. 

5.000 biztanletik beherako zenbait herritako datuak ere ez dira batere lasaigarriak. Zestoan 23 positibo pilatu dituzte lau egunean, hamabi izan dituzte Getarian eta hamar Aian. Aizarnazabalen eta Beizaman hiru positibo atzeman dituzte, eta Errezilen bakarra.

Ospitaleetako presioa, goraka

Hego Euskal Herrian, Osakidetzak eta Osasunbideak koronabirusa atzemateko 14.508 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 1.884k eman zuten positibo; %13k hain zuzen. Ospitaleetan, seigarren olatua deitzen diotenaren eragina gero eta nabarmenagoa da. Duela astebete, COVID-19ak jotako 266 lagun zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta 338 dira gaur. ZIUetan, berriz, 70 zeuden joan den astelehenean, eta 91 daude gaur. Hego Euskal Herrian, berriz, denera koronabirusak jotako 465 lagun daude ospitaleratuta; horietatik 113 ZIUetan.