Unai Alberdi pilotariak debuta egingo du Baikorekin

Maialen Etxaniz 2021ko abe. 10a, 10:11

Ilunpeko harrobiko pilotaria "eskertuta eta ilusioz beterik" agertu da profesional gisa debuta egiteko aukera izango duelako. Unai Alberdik urtarrilean egingo du debuta Baikorekin.

Unai Alberdi pilotariak debuta egingo du Baiko Pilota enpresarekin. Gaur jakinarazi du enpresak aurrelari gazteak Baikoren koadroa osatuko duela, "bere azken prestaketa fasean emaitza bikainak lortu ondoren". Euskal Herriko lau eta erdikoa irabazi berritan, Unai Alberdik datorren urtarrilean egingo du debuta Baikorekin.

Ilunpeko harrobiko pilotaria "eskertuta eta ilusioz beterik" agertu da profesional gisa debuta egiteko aukera izango duelako. "Oso pozik nago profesionaletara pauso hau emateagatik. Eskerrik asko Baiko enpresari nigan konfiantza izateagatik. Ea ibilbidea ahal beste aprobetxatzen dugun, eta dena ondo joaten den", adierazi du azpeitiarrak Baikok plazaratutako aurkezpen bideoan. 

Alberdik arrakasta ugari lortu ditu afizionatu mailan, eta horien berri eman du Baikok. Hona hemen azpeitiarraren lorpenak

• 2021 Euskal Herriko lau eta erdiko elite txapelketa
• 2021 Oñatiko San Migel txapelketa
• 2021 Zizurkilgo txapelketa
• 2021 Dinastia Etxabe txapelketa
• 2021 Euskal Herriko Herriarteko txapelketa
• 2021 Gipuzkoako Herriarteko txapelketa
• 2020 Miguel Soroa txapelketa
• 2019 Gipuzkoako 1. mailako txapelketa
• 2019 DV txapelketa