Parean eta Pareko

Entzun eta ikasi

Andoni Elduaien 2021ko abe. 10a, 09:00

Andoni Elduaien kazetariak eta GUKA gehigarriko 'Parean eta pareko' atalean Imanol Lazkano eta Juanito Dorronsorori egindako elkarrizketaren egileak idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hizkuntzarekin jolas egitea da bertsolaritza, kantua eta hitza uztartuz lortzen den emaitza da bertsoa; bat-bateko sorkuntza da. Tradizioa, literatura, folklorea... Hori guztia ere bada bertsolaritza, baina baita komunikazioa ere. Bertsolaritza entzuleekin nahiz inprobisatzaileekin –bertsolariak– komunikatzea da. Bertsorik ez da sortzen komunikaziorik ez badago, eta kazetariok artikuluak idazteko jarraitu behar izaten ditugun egiturak bezala, bertsolariak ere hainbat baldintza bete behar izaten ditu bere mezua bertso bihurtzeko; izan ere, bertsolaritza komunikazio neurtua, errimatua eta kantatua da. Hizkuntza zaila da kanpotik bakarrik ezagutzen dugunontzat, baina, era berean, gozagarria. Zer ez du bertsolaritzak?

Euskarak une zailak igaro behar izan ditu historian zehar, baina, halere, euskaldunok mendez mende lortu dugu aurrera egitea. Gure-gureak diren gauzak kentzen saiatu diren une bakoitzean ere, jakin dugu horiei eusten; finean, zailtasunen aurrean egokitzen asmatu du herri honek. Euskarak bezala, ordea, bertsolaritzak ere sasoi latzak bizi behar izan zituen, besteren artean nabarmena izan zen Francoren diktadura garaia. Bertsoa ezkutuan egon zen urte haietan guztietan, baina, ondoren, jakin zuen berriz ere burua atera eta plazara irteten. Askoren artean, Imanol Lazkanori eta Juanito Dorronsorori esker. Ezinbesteko tresna izan da bertsoa Euskal Herriak bizirik iraun dezan.

Egun ezagutzen dugun bertsolaritza ulertzeko, ezinbestekoak izan dira azpeitiarra, ataundarra eta bertso munduko beste zenbait lagun. Diktadura garaian zenbaitek ezkutuan edo preso zirela egindako lanak biziberritu zuen bertsoa. Eta gero, baserritik kalera eraman zuten bertsoa; bete-betean asmatu zuten orduan, hala lortu baitzen bertsolaritzari bizia ematea. Orain, hamarkada batzuen ondoren, arnasa sakon eta lasai hartzen du bertsoaren munduak.

XXI. mende honetan bizi garen euskal herritarrok aurreko euskaldunek egindako lanen emaitzak besterik ez ditugu jaso. Asko zor diegu lagun horiei guztiei. Hala eta guztiz, badut kezka bat neure baitan. Nola eman behar diegu guk etorkizuneko euskaldunei aurrekoek guri eskainitako guztia?

Inoiz baino garbiago dut idatzizko hizkuntzak baino indar handiagoa izango duela gero ere ahozkoak, eta horretarako, bertsoa izango dela tresnarik baliagarrienetakoa. Entzunez ikasten da gehien; beraz, jar ditzagun belarriak zut Lazkano eta Dorronsoro bezalako pertsonen aurrean. Nire txaloak eta miresmena zuentzat.