Bihar egingo dute Santo Tomas eguna ospatu ala ez erabakitzeko bilera

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 8a, 11:24
Duela bi urteko Santo Tomas eguneko irudi bat.

Udal ordezkariek nahiz Santo Tomas egunean era batera edo bestera parte hartu ohi duten taldeek eta eragileek bihar hartuko dute festa egunaren gaineko erabakia, 19:00etan, udaletxean.

Iritsi da abendua, Azpeitian zenbait festa egunek seinalatutako hilabetea. Sasoi honetan, egutegian ondo markatutako eguna izan ohi da Santo Tomas eguna, eta herritar asko eta asko aspalditik galdezka ari ziren egun horrekin gertatuko zenaz. Egungo osasun egoera tarteko, Izarraitz Lanbide Heziketak bere aldetik jakinarazi du Santo Tomas egunean ez duela txosnarik jarriko, baina gaur-gaurkoz, udalak oraindik ez du ofizialki jai egun horren gaineko erabakirik jakinarazi. Dena den, bihar, osteguna, egingo dute Santo Tomas egunaz hitz egiteko bilera.

Zehazki, 19:00etan jarri dute hitzordua, udaletxean. Txorizo eta talo postuak jartzen dituzten eragileak nahiz festetan era batera edo bestera parte hartu ohi duten taldeak elkartuko dira biharko bilkuran, udal ordezkariekin batera. Egungo osasun egoera dela eta, Santo Tomas festak ospatuko diren ala ez erabakiko dute bertan. Azken egunetako datuen arabera, Azpeitiko osasun egoera ez da batere ona; astelehenean, 2.943,5 zen herriko intzidentzia tasa.