Udal Euskaltegiak eta Txolartek Perez Arregi plazan izango dute egoitza berria

Udaleko, Euskaltegiko nahiz Txolarteko kideak Perez Arregi plazan, eraberrituko duten eraikinaren aurrean. (Azpeitiko Udala)

Garai batean Telefonica kokatuta egon zen eraikina eraberrituko du udalak, hemezortzi hilabeteko epean. Lanak bukatzean, han izango dira Udal Euskaltegia nahiz Txolarte. Orain arte Perdillegi kaleko 1. zenbakian egon dira kokatuta bi eragile horiek.

Perez Arregi plazatxoan dagoen eta garai batean Telefonica kokatuta egon zen eraikina eraberritzen hasi da Azpeitiko Udala. Izan ere, Udal Euskaltegia eta Atzegiren aisialdiko Txolarte taldearen egoitza izango da eraikin hori lanak bukatzean. Obrak oraintsu hasi dituzte, eta erakundeak jakinarazi duenez, horiek hemezortzi hilabeteko epean bukatzea aurreikusten dute. Obraren aurrekontua 1.315.523 eurokoa da, eta Iparragirre eraikuntza enpresa arduratuko da horiek gauzatzeaz.

Orain arte Perdillegi kaleko 1. zenbakian egon dira kokatuta bai Udal Euskaltegia, bai Txolarte, baina eremu horretan gizarte beharrei erantzungo dien azpiegitura berri bat egitea adostu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitio Udalak, eta beraz, pixkanaka eraikin hori husten hasiko da udala. Hain zuzen ere, dagoeneko hasi da beren jarduna Perdillegiko eraikinean gauzatzen duten eragileen kokapen berriak zehazten.

Eraikinaren nondik norakoak

Txolarte aisialdi taldearen egoitza berria Perez Arregi plazako eraikinaren beheko solairuan kokatuko da, eta 120 metro koadro inguru izango ditu. Eraikinaren sarrera nagusia plazan izango da, eta eremuaren hego-ekialdean sukaldea eta jangela kokatuko dira. Beste aldean, berriz, proiekzioetarako gunea eta egongela egingo dituzte. Egongelaren espazioa gainerako espazioengandik banatzeko modua ere egingo dutela aurreratu du udalak. Egoitzaren atearen inguruan mahaigunea kokatuko dute, erabiltzaileentzat nahiz gurasoentzat erabilgarri izango dena.

Udal Euskaltegia, berriz, eraikinaren lehen solairuan eta teilatupean kokatuko da. Eraikinaren altuerak berrantolatu egingo dituzte eta irisgarritasun arauetara egokituko dute eremua. Euskaltegiaren sarrera Enparan kalean izango da, eta eskailerak ez ezik, igogailua ere erabilgarri izango da. Lehen solairuak irakaskuntza espazioa egokituko dute; tamaina desberdinetako bost ikasgela, bi tutoretza gela, komunak eta biltegia egingo dituzte bertan. Goiko solairuan, berriz, harrera, hamar-hamabi lagunentzat bulego irekia, banakako bi bulego, komunak nahiz sukaldea zein jangela prestatuko dituzte. Gainera, Enparan kale aldeko dorrean erabilera anitzeko gela izango da, eta Erdikaleko dorrean, berriz, administrazioari lotutako bilera gela.

Udalak azaldu duenez, gainera, Udal Euskaltegiaren zein Txolarteren egoitzaz gain, komun publikoak ere egingo dituzte eraikinaren beheko solairuan.

Lekuz aldatzeko "gogoz"

Udalak azaldu duenez, Udal Euskaltegiko nahiz Txolarteko arduradunekin landu du egoitza berriaren proiektua, bi eragileen beharrei eratzungo dien espazioak eraikitzea baita erakundearen xedea. Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako eta Ogasuneko batzordeburuak eskerrak eman dizkie egoitza aldaketaren prozesuan elkarlanerako azaldutako jarreragatik eta gogoagatik: "Azpeitia hobe bat izateko lanean aritzen diren eragileei beste leku bat bilatzen hasiak gara. Aldaketak onerako izatea nahi dugu eta Telefonicaren eraina eraberrituta, Euskaltegiarentzat eta Txolarteko aisialdi taldearentzat lekua egokituko dugu". 

Naroa Uria eta Eli Agiriano Txolarte taldeko kideak "gustura" azaldu dira egoitza aldaketaren proiektuarekin: "Urte asko daramatzagu Perdillegin elkartzen, baina gurea bezalako talde batentzat oso garrantzitsua da irisgarritasuna, eta egoitza berria askoz egokiagoa izango da alde horretatik", adierazi dute. Alde Zaharrean kokatuta egotea ere garrantzitsua dela azpimarratu dute: "Herrian bertan gaude, ez daukagu mugitu beharrik, eta egoitza berriak ekintza berriak egiteko aukera ere eskainiko digu. Izan ere, udalarekin elkarlanean, gure erabileraren araberako diseinua egin dugu". Egoitza berria, taldea indartzeko tresna izatea ere nahiko luketeela esan dute biek ala biek: "Lekuz aldatzeko gogoz gaude dagoeneko, eta aldaketa gure taldeari ikusgarritasuna emateko nahiz taldea ezagutarazteko zein indartzeko aukera izatea nahi dugu".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide