Plazan jarritako pankarta bat erre eta kendu dutela salatu du Ernaik

Julene Frantzesena 2021ko abe. 7a, 12:20
Ernaik kioskoan jarri zuen pankarta.

Sare sozialetan eman du gertakariaren berri gazte mugimenduak, eta zehazki, Gazteok independentzia zioen pankarta plazako kioskotik kendu izana "gogor" salatu du.

"Norbanako batek" herenegun plazan jarri zuten pankarta bat erre eta kendu duela salatu du Azpeitiko Ernaik. Sare sozialetan eman du gertakariaren berri gazte mugimenduak, eta zehazki, Gazteok independentzia zioen pankarta plazako kioskotik kendu izana "gogor" salatu du.

Ernaik dioenez, eraso horrek "demokraziaz mozorrotutako erregimenean" Euskal Herriak eta estatuko gainontzeko nazioek "izana eta izaera erabakitzea debekatuta" dutela adierazten du. "Ez gara sartzen espainiar estatu ustel batean, eta ez dugu sartu nahi. Ez dago balio duen erreformarik erroan dagoelako estatu espainiarraren arazoa, jatorria eta helburua".

Azpeitiko Ernairen aburuz, "ustelduta dagoen monarkiari inpunitate osoa" eman dio justizia espainiarrak, eta "inperialismo linguistikoaren izenean euskararen kontrako etengabeko erasoak" zuzendu izana leporatu dio. "Gazteok batuta, gure aldarriak kalera ateraz eta alternatibak sortuz bakarrik egin ahal izango diogu aurre 1978ko erregimenak marrazten digun etorkizunari".