Koronabirusa Azpeitian

Hiru milara iristear da Azpeitiko intzidentzia tasa

Julene Frantzesena eta Aitziber Arzallus 2021ko abe. 6a, 13:08
Jose Artetxe kalea konfinamendu garaian.

Zehazki, gaur-gaurkoz, 2.943,5 da Azpeitiko intzidentzia tasa; pandemia hasi zenetik erregistratu duten zenbateko altuena. Azken lau egunetan 116 lagunek eman dute positibo herrian, eta azken zazpi egunetan, 232 pertsonak.

Azpeitiko intzidentzia tasak markak hausten jarraitzen du: izan ere, azken lau egunetan izan diren 116 positiboak zenbatuta, 3.000ra gerturatzen ari da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentziaren zenbatekoa. Zehazki, gaur-gaurkoz, 2.943,5 da Azpeitiko intzidentzia tasa. Pandemia hasi zenetik Osakidetzak herrian erregistratu duen den tasarik altuena da, alde nabarmenarekin. Izan ere, aurtengo azaroa baino lehen, iazko urrian jo zuen goia zenbateko horrek: 1.700eko langa gainditu zuen.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno probetan 116 azpeitiarrek eman dute positibo: 29 lagunek ostegunean, 29 lagunek ostiralean, 43 lagunek zapatuan eta hamabostek atzo. Azken astebetean, berriz, 232 lagunek eman dute positibo proba horietan. Azaroan hasi zen kutsatze soka izan da pandemia hasi zenetik orain arte herritar gehien kutsatu dituena, eta horren eragina herriko ikastetxeetan nabaritu da, batez ere: hainbat gela itxita egon dira edo daude oraindik ere.

Osasun Sailak ematen dituen datuen arabera, pandemia hasi zenetik, koronabirusa atzemateko probetan, 3.144 lagunek eman dute positibo Azpeitian. 15.220 biztanle ditu herriak, eta beraz, herritarren %20,65 kutsatu dira pandemia hasi zenetik; hau da, bost lagunetik bat. Jaurlaritzaren datuen arabera, pandemia hasi zenetik hamabi lagun hil dira COVID-19ak jota herrian; hau da, kutsatutako herritarren %0,38.

362 positibo eskualdean

Ostegunaz geroztik 362 positibo baieztatu dituzte Urola Kostan. Azpeitiko egoera da denetan kezkagarriena, baina Zarauzko egoerak ere nabarmen egin du okerrera. Ostegunaz geroztik 111 kasu hauteman dituzte han, eta intzidentzia tasa oraindik Azpeitikoaren erdira iristen ez den arren, oso bizkor ari da igotzen. Gaur-gaurkoz, 1.400,61ekoa da tasa. Azken egunotan positibo gehien baieztatu dituzten herrien zerrendan hirugarrena Orio da. Lau egunetan 41 izan dira, eta ondorioz, 1.369,86ra igo da hango intzidentzia tasa. Zumaian, 31 positiborekin, 976,90ekoa da tasa; eta Azkoitian, hogei positiborekin, 1.034,80koa.

5.000 biztanletik behera dituzten eskualdeko herrietan, egoera ez da lasaigarriagoa. Zestoan hamazazpi positibo atzeman dituzte azken lau egunotan, Getarian hamabi, Aian bederatzi eta Aizarnazabalen lau. Intzidentzia tasa oso altuak dituzte guztiek, 1.000tik gorakoak, eta Getariak ia 2.000koa du. Errezilen eta Beizaman bareago dago egoera. Errezilen kasu bat baieztatu dute ostegunaz geroztik, eta Beizaman bat bera ere ez.

Hego Euskal Herrian, 1.500 positibotik gora

Hego Euskal Herrian, soilik atzo, 1.548 positibo zenbatu zituzten, eta pixkanaka-pixkanaka hazten doa ospitaleetako presioa.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, duela astebete COVID-19ak jotako 229 lagun zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta, eta 266 dira gaur. Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) ere goranzkoa da joera: joan den astelehenean 49 lagun zeuden, eta 70 daude gaur.