Aurten ere punta-puntako bertsolariak ariko dira Txapelen omenezko bertso saioan

Julene Frantzesena 2021ko abe. 8a, 09:00
Soreasu leporaino bete zen 2019ko Txapelen omenezko bertso saioan. (Kulturaz kooperatiba)

Abenduaren 19an, igandea, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Maider Arregi eta Alaia Martin izango dira Soreasu antzokiko agertokian. Kulturaz kooperatibaren webgunean, hamar euroren trukean eros daitezke saiorako sarrerak.

Erniarraitz bertsozale elkarteak Eusebio Eizmendi Txapel bertsolari zenaren omenezko bertso saioa antolatu du aurtengorako ere. Abenduaren 19an, igandez, izango da saioa, 18:00etan hasita, Soreasu antzokian, eta dagoeneko eskura daitezke emanaldirako sarrerak. Kulturaz.eus webgunean eros daitezke horiek, hamar eurotan.

Punta-puntako sei bertsolari ariko dira kantuan, Haritz Etxeberria Ministrok jarritako gaien bueltan. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Maider Arregi eta Alaia Martin izango dira agertokian.

Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatutako Bertso Urtie egitasmoaren barruan sartu dute Txapelen omenezko saioa. Egitasmo hori dela eta, urte guztian zehar, askotariko bertso emanaldiak izan dira Urola Erdian.