Lagun Onaken talde nagusiek galdu egin dituzte beren partidak

Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 6a, 10:37
Leioa-Lagun Onak partidaren une bat. (Utzitakoa)

Etxetik kanpo aritu ziren biak atzo arratsaldean. Espainiako Hirugarren Mailako taldeak 2 eta 0 galdu zuen Leioan, eta Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailan 4 eta 0 gainditu zuen Mariñok Azpeitiko taldea.

Esku hutsik itzuli ziren atzo Lagun Onak futbol klubaren bi talde nagusiak etxera. Espainiako Hirugarren Mailan, 2 eta 0 galdu zuen Lagun Onakek Leioaren zelaian. Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeak, berriz, 4 eta 0 galdu zuen Mariñoren etxean.

Joan den astean Garmendipen Urdulizen aurka ligako hirugarren garaipena lortu ostean, gizonen talde nagusiak ez zuen irteera samurra, eta Leioak baieztatu egin zituen aurreikuspenak. Partidako lehen ordu erdia pasatuta egin zuen lehen gola etxeko taldeak. Lagun Onakek atsedenaldiaren ondoren egoera iraultzeko izan zezakeen asmoa berehala zapuztu zien Leioak, 49. minutuan, kornerretik zuzenean sareetara joan zen jaurtiketa bati esker; gol olinpikoa, alegia. Hamaseigarren jardunaldia osatuta, estu eta oso parekatuta jarraitzen du sailkapenaren atze aldeak, eta azken bigarren tokira jaitsi da Ander Avellanedaren taldea.

Zigor gogorra jaso zuten azkenean Lagun Onakeko emakumeek Mariñoren zelaian. Oker hasi zen partida Unai Urbizuren taldearentzat, seigarren minutuan egin baitzuen 1 eta 0ekoa Mariñok. Emaitza horrekin bukatu zen lehen zatia. Bigarrena, berriz, Lagun Onakentzat aukera on batekin hasi zen, baina Nairak ez zuen asmatu ate aurrean. Etxekoek berehala erantzun zuten, ordea, arriskuko jokaldi batekin aurrena, eta 2 eta 0ekoarekin jarraian. Lagun Onakek ezin izan zuen egoera irauli, eta gainera, azken minutuetan emaitza puztea lortu zuen Mariñok, 80. eta 90. minutuetan gol bana sartuta. Sailkapenean bosgarren tokian dago Lagun Onak.