Hirugarren garaipena ere etxean lortu du Juaristi ISBk

Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 5a, 20:26
Iraurgiko gizonak zaleak agurtzen, gaurko partidaren amaieran. (ISB)

Neurketa oso parekatuaren bukaeran, 89 eta 84 irabazi dio Almansari Iñaki Jimenezen taldeak. Azkoitia-Azpeitia ISBk, aldiz, hamargarren porrota pilatu zuen erreskadan atzo Celtaren kantxan.

Juaristi ISBk denboraldiko hirugarren garaipena lortu du gaur, eta aurreko biak bezala, Azpeitiko kiroldegian batu ditu puntuak. 89 eta 84 gainditu du Almansa Iñaki Jimenezen taldeak.

Partida ezin parekatuagoa eta emozioz betetakoa bizi ahal izan dute gaur kiroldegian elkartu diren zaleek. Bi taldeak oraintxe goitik, oraintxe behetik ibili dira markagailuan, baina zulorik ezin irekita. Lau laurdenetako emaitzak ere parekotasun horren adierazle izan dira: 20-21, 21-20, 24-21 eta 24-22. Atsedenaldia 41era berdinduta iritsi ostean, hirugarren laudenaren lehen minutuetan zortzi puntuko abantaila hartzea lortu dute Jimenezen gizonezk (54-46), baina hiru puntura murriztu dute aldea Albacetekoek laurden horren amaierarako. Laugarren eta azken laurdenean markagailuaren gorabeherek, ikusminak eta urduritasunak goia jo dute kiroldegian. Kanpokoek berriro aurretik jartzea lortu dute; pare bat puntu edo bakarra goitik, baina Almansa aurretik joan da azken minutura arte. Bukaerarako 17 segundo falta zirenean, Iñigo Royoren hiruko batek aurretik jarri du Iraurgi (87-84), eta aldea bi puntu handitzeko modua egin du Jimenezen taldeak azken-azken txanpa horretan.

Cissoko izan da Juaristi ISBren jokalari onena, 22 punturekin eta 19ko balorazioarekin; Iñigo Royok 17ko balorazioa batu du, beste horrenbeste puntu sartuta; eta Pavel Savkovek 18 puntu eta 15eko balorazioarekin bukatu du partida. Ligako sailkapenean azkenhirugarrena da Iraurgi, aurretik dituen Prat eta Gironaren garaipen kopuru berarekin. Datorren ostiralean Caceresen etxean jokatuko du Jimenezen taldeak.

Azkoitia-Azpeitia, ezinean

Bestelakoak izan ziren kontuak atzo Vigon (Galizia) Azkoitia-Azpeitia ISBrentzat. Celtak erraz menderatu zituen Iraurgikoak (77-45), LF Challenge ligaren hamabigarren jardunaldian. Azkoitia-Azpeitia ISBk garaipen bakarra eskuratu du orain arte ligan, eta atzokoarekin, hamar partida galdu ditu erreskadan.

Hasieratik ihes egin zien partidak Andoni Lazkanoren emakumeei: hogei puntuko aldea atera zien Celtak lehen laurdenean (26-6). Bigarren laurdenean beste aurpegi bat erakutsi zuten Iraurgikoek (23-20), baina berandu zen ordurako. Atsedenaldian 49 eta 26 zihoan neurketa, eta bigarren zatian etxekoek maila jaitsi bazuten ere, Lazkanoren taldea baino gehiago izaten jarraitu zuten; 14-7 eta 14-12 izan ziren azken bi partzialak.

Azkoitia-Azpeitia ISBko jokalari denak hamar punturen langatik behera gelditu ziren. Iparragirre eta Lizarazu izan ziren saskiratzaile onenak, 9na punturekin.

Datorren asteazkenean jokatuko du Iraurgiren emakumeen talde nagusiak ligako hamahirugarren jardunaldiko partida, eta sailkapenean bere atzetik duen talde bakarra, Mataro, hartuko du Azkoitiko kiroldegian.