Erretratua

Juan Ezenarro: "Panderoak jende eta bazter pilo bat ezagutzeko aukera eman zidan"

Juan Ezenarro 'Berastegi'-ren erretratua. (Olatz Alkorta)

80 urte bete ditu aurten Juan Ezenarro Berastegik (Azpeitia, 1941). Euskal Herriko txoko ugari alaitu izan ditu panderoarekin urte askotan zehar. Eta ez hori bakarrik, Kupela taldeko bateria jotzailea ere izan zen. Egun, oholtzetatik aldenduta, gogoan ditu musikaren bueltan izandako bizipenak, eta 2021eko abenduko Uztarria aldizkariaren Erretratua atalerako kontatu ditu.

Haren ibilbidea panderoarekin estu lotuta badago ere, soinua izan zen Juan Ezenarro Berastegik esku artean izan zuen lehenengo instrumentua. Hark dioenez, 15 urte inguru zituela hasi zen soinua jotzen. Soinuak, ordea, ez zuen asko iraun haren musika ibilbidean. Izan ere, Berastegi gaztea baserrian soinua jotzen hasten zenean, ez zuen oso harrera ona izaten: "Arrebek beti isiltzeko esaten zidaten, baina nik ez nien kasu handirik egiten. Halako batean, aita etorri zen, eta soinua hormaren kontra bota zuen". Harrezkero, ez zuen izan soinua berriro jotzeko "ausardia" nahikorik, baina haren bidean beste instrumentu bat gurutzatu zen: panderoa.

Azpeitiarrak beti azpimarratzen du dena bere kabuz ikasi duela, sekula irakaslerik izan gabe: "Garai hartan partiturarik eta solfeorik ez zegoen; belarria jarri eta lana egitea, besterik ez". Haren inguruan musikarekiko zegoen zaletasunak gaztetatik eman zion hainbat erromeriatan eta festatan parte hartzeko aukera. Berastegik gogoan du garai haietan soinu jotzaileek ez zutela pandero jotzailea berekin eramaten. Soinu jotzaileak berak eramaten zuen panderoa, eta jo behar zuten lekuan norbait animatuz gero, harekin jotzen hasten zen: "Eta horrelaxe hasi nintzen ni, han eta hemen lagun nituen soinu jotzaileekin panderoa jotzen".

Bide horri jarraituz, Euskal Herriko txoko gehienetan jotzeko aukera izan zuen Berastegik, soinu jotzaile "handienak" alboan zituela: Laja, Elgeta, Epelde, Zabaleta, Maltzeta, Tapia, Jauregi... Festetan, erromerietan, ezkontzetan, agurretan... bazter guztietan muturra sartuta ibiltzen zirela dio pandero jotzaileak: "Festa zegoen leku denetara joaten ginen, ondo pasatzen genuen".

Berastegirentzat "oso garrantzitsua" izan da panderoa, eta "oso eskertuta" dago musika tresna horrek bizitzara ekarri dion guztia tarteko: "Panderoak jende eta bazter pila bat ezagutzeko aukera eman zidan". Azpeitiarrarentzat panderoaren inguruan bildu dituen bizipen eta pertsona denak oso baliagarriak izan dira, eta egindako ibilbidearekin "oso gustura" dago: "Urte asko izan dira, eta atzera begiratzen dudanean, egin dudan guztiaz harro sentitzen naizela esan dezaket".

Berastegi, panderoa ondoan duela, argazkiak eta oroigarriak gordeta dituen etxeko txokoan. (Nagore Aizbitarte)

Panderoa ez da izan, ordea, Berastegik oholtza gainean jo duen instrumentu bakarra: 47 urte inguru zituela hasi zen bateria jotzen. Erromeria batetik bueltan, Berastegi baserriko sukaldean zegoen Lajarekin, eta soinu jotzaileak bateria bat ekartzeko esan zion. Berastegiri ez zitzaion ideia "ona" iruditu hasieran: "Nire ustez, ez zen nik jotzeko moduko instrumentua". Hala ere, bateria azkar iritsi zen Berastegi baserrira: "Hurrengo egunean bateria erosi, kotxean sartu eta etxera ekarri nuen. Lajari deitu nion, eta entseatzen hasi ginen". Panderoa bezalaxe, Berastegik bere kabuz ikasi zuen bateria jotzen ere: "Pixkanaka, balsak, pasodobleak, tangoak… nola jotzen ziren ikasi nuen, eta ondo moldatzen nintzela ikusita, jarraitu egin nuen".

Musika eta artzaintza

Bateriarekin hasitako ibilbide horretan, Kupela taldea gurutzatu zen azpeitiarrarekin. Berastegiren esanetan, bateria edukitzeko "kapritxoa" zuten, panderoarekin jada nahikoa ez zela uste zutelako. 12 urte inguru igaro zituen azpeitiarrak Kupelarekin batera oholtzaz oholtza. Urte ederrak izan zirela dio, baina dena ez zela horren "polita" nabarmendu du: "Festetatik bueltan egunsenti pila bat ikusitakoa naiz, jakinik etxera iritsitakoan lana ere egin beharko nuela". Garai hartan, artzaina, eta aldi berean, Kupela taldeko bateria jotzailea izatea tokatu zitzaion, eta hori "batzuetan astuna" egiten zitzaiola esan du: "Erromeria edo ezkontza batean bateria jotzetik itzultzen nintzen, autoa husten nuen eta mendira joaten nintzen ardiekin. Etxera itzuli ondoren joaten nintzen ohera, jakinik iluntzean berriz bateria jo behar nuela".

Haren arabera, erritmo hori mantentzea zaila zen, eta urteek ez dutela barkatzen adierazi du. Hori dela eta, duela zortzi urte inguru, aldendu egin zen musikaren mundutik. Azpeitiarrak azaldu du jada "erreta" zegoela, eta belauneko ebakuntza bat egin izana "aitzakia ona" iruditu zitzaion Kupelarekin eginiko ibilbideari amaiera emateko.

Ibilbide luze horretan, euskal erromerien panoraman gauzatutako aldaketen inguruko hausnarketa egiteko aukera izan du Berastegik. "Bere garaian" erromerietan sortzen zen giroaren faltan sumatzen du, eta kontatu du berak oso gertutik bizi izan zuela erromerien "beherakada". Aldaketa pixkanaka gertatu zela dio pandero jotzaileak: "Pixkanaka hasi ginen antzematen jendea gutxitzen zihoala, batez ere, jende gaztea. Gazteek nahiago zuten diskoteketara joan, eta horrek asko izorratu zuen panorama". Gainbehera horrek "pena" eragiten dio Berastegiri. Haren ustez, "gaur egun inoiz baino soinu jotzaile, pandero jotzaile, dantzari… gehiago daude", baina hori "ez da antzematen".

Iñaki Garmendia 'Laja' zenarekin. (Utzitakoa)

Urte hauetan guztietan musikaren munduan murgilduta ibili bada ere, Berastegik ez du uste bera musikaria denik: "Ni ez naiz musikaria, panderoa eta bateria jotzen ditut, baina nire burua ez dut musikaritzat". 2012ko San Jose trikiti jaialdian omenaldia egin zioten, esaterako, baina berak ez zela beharrezkoa uste zuen hasiera batean: "Nik uste nuen ez nuela horrenbesteko kategoriarik". Hala ere, Berastegik argi dauka asko eskertzen duela egun hartan egindako ekitaldia eta "ederra" dela nola edo hala haren ibilbidea "aitortzea".

Egun, panderoa eta bateria lehen adina jotzen ez baditu ere, musikarekin estuki lotuta jarraitzen du Berastegik. Musika entzutea gustuko du, eta atsegin du belaunaldi berriek zer egiten duten ikustea, baita haiei "aholkuak ematea" ere, "batzuetan entzun nahi ez badituzte ere". Berriro jende aurrean jotzeko intentzioa duen galdetuz gero, argi du ez duela guztiz baztertuta ideia hori: "Une aproposa iristen bada, egingo dut; orain arte ez da egokitu, baina nork daki? Agian, laster entzungo nauzue berriro".

Motzean

Jaiotze data: 1941eko urriaren 20a.

Ikasketak: 12 urtera arteko ikasketak.

Lanbidea: Pandero jotzailea eta artzaina.

Pandero jotzailea edo artzaina ez banintz… Une horretan parean egokitutako beste edozein lan egingo nukeen.

Lanetik ateratzean gogoko nuen... Etxera itzuli eta deskantsatzea.

Bateria astintzen. (Nagore Aizbitarte)

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide