Ekaitzak botatako zuhaitza bidegorrian

Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 5a, 09:41
Urrestillako bidegorrian erori den zuhaitza. (Julene Frantzesena)

Argindarrarekin arazoak ere ari dira sortzen zenbait gunetan, eta lanean dira larrialdi zerbitzuak.

Ekaitz giroarekin esnatu da igandea, eta eguraldi traketsa ari da han-hemenka eragina izaten. Momentuz, gertaera ikusgarriena Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorrian izan da. Malkortxo parean, bidegorriko zubiaren ondoko bi zuhaitz handietako bat bota du ekaitzak; bidegorrian bertan gelditu da zuhaitza, ibiltarien pasabidea oztopatuz, baina ondoko errepidean eragozpenik eragin gabe. Udaltzaingoa eta larrialdi zerbitzuetakoak lanean ari dira zuhaitz hori kentzeko.

Udaltzaingoak Uztarriari jakinarazi dioenez, Landeta etorbidean ere beste zuhaitz adar bat bota du ekaitzak. Horrez gain, herriko zenbait gunetan argindarrarekin arazoak izan dituzte eta dituzte, baina horiek konpontzeko ere ari dira lanean.