Maialen Beristain: "Kuriositatez hasi nintzen josten, eta gustatu egin zitzaidan"

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 26a, 09:43
Maialen Beristain, iazko Sortzaileen Azokan. (Utzitakoa)

Gehiegi pentsatu gabe hasi zen Maialen Beristain (Azpeitia, 1980) modaren munduan murgiltzen, eta pixkanaka, askotariko jantziak ekoiztera animatu da. Marka bat ere sortu du: Oihele izena jarri dio proiektuari. Instagram bidez eta Kotoi dendan saltzen du arropa. 2021eko abenduko Uztarria aldizkariaren Zu zeu atalean hitz egin du bere lanaz Beristainek.

Nolatan hasi zinen modaren munduan murgiltzen?

Duela sei urte edo, Damaso auzoko lokal batean joskintza ikasten hasi nintzen, probatzeko. Alabarentzako arropak josten, neuretzako baserritar jantzia egiten... hasi nintzen, etxerako gauzak egiten. Baina gehiago ikasteko gogoa sortu zitzaidan, eta patroigintzako ikastaro bat egin nuen Donostian. Eta, orain, Zelai Luze zentrora joaten naiz josten ikastera. Hortik aurrera, praktikatuz ikasi dut; ez dago beste sekreturik. Kuriositatez hasi nintzen, eta gustatu egin zitzaidan.

Noiz eman zenuen etxekoentzako gauzak egitetik proiektua jendearengana zabaltzeko pausoa?

Konfinamendua iritsi zen, eta gauza mordoxka bat egin nituen etxean: haurrentzako petoak, batez ere. Zer-nolako gauzak egin nituen ikusita, ahizpak beste pauso bat ematera animatu ninduen. Hark esaten zidan: "Egiten dituzunak saltzeko modukoak dira". Eta nik zera erantzuten nion beti: "Nola ba?". Horrela nintzela, Kotoi dendako Esti Errazkinek esan zidan dendan egingo zidala txoko bat nire gauzak erakusteko. Azkenean, animatu egin nintzen: marka bat sortu eta Instagramen kontua zabaldu nuen. 2020ko ekainean izan zen hori. Beti ematen dizkiet eskerrak ahizpari eta Estiri pausoa ematera bultzatu nindutelako.

Gauza batek bestea ekarri zuen, beraz, batere espero gabe.

Hori da, probatzeko hasi nintzen, eta... Umeentzako jantziak sortzen hasi nintzen, eta gero inguruko helduak hasi zitzaizkidan esaten: "Zergatik ez duzu niretzako ere egiten?". Orduan, helduentzako ere hasi nintzen jantziak egiten. Horrelaxe, pixkanaka, hazten joan da proiektua.

Aurrez ba al zenuen moda munduarekin harremanik?

Bai zera! Beti gustatu izan zait arropa, baina sekula ez dut izan moda ikasteko ametsik edo antzeko ezer. Dena den, mundu horretan murgiltzen hasi nintzen, eta pila bat gustatu zitzaidan; izugarri erlaxatzen ninduen josteak. Gozatu egiten dut.

Zer-nolako jantziak sortzen dituzu?

Mota guztietako arropa egiten dut: sudaderak, petoak, konjuntoak, soinekoak… Eta aurten, berrikuntza gisa, gizonezkoen sudaderak eta umeen eta emakumezkoen txaketak sortu ditut.

Zer material erabiltzen dituzu?

Gehienetan kotoizko sudadera oihala erabiltzen dut, egiaztagiri ekologikoa duena. Oihal organikoa ere erabiltzen dut; goxotasuna transmititzen du oihal horrek, eta produktu kimikorik ez duenez, azalarentzat hobea da. Ahalik eta modu jasangarrienean eta ingurumena errespetatuz lan egitea da nire asmoa. Udan lihoa ere erabiltzen dut, eta neguan, berriz, pana.

Oihele izena jarri diozu proiektuari. Nondik dator izena?

Seme-alaben izenen elkarketatik: Oihan da semea, eta Elene alaba. Eta oihalekin lan egiten dudanez, gustatu egin zitzaidan Oihele. Goxoa iruditzen zait.

Zer berezitasun ditu zure arropak?

Erosoak eta oinarrizkoak dira, armairuan edukitzeko horietakoak, denboran irauten dutenak… Kolore neutroak erabiltzen ditudanez, uste dut erraz janzteko modukoak direla. Horrez gain, Oihele arropak baditu bi bereizgarri: ponpoia eta brodatutako luma.

Zer ematen dizu josteak?

Sekulako poza ematen dit jendeak jantzi politak egiten ditudala esateak, bete egiten nau horrek. Norbait nik egindako arropa jantzita ikusten dudanean, sekulako poza sentitzen dut. Gainera, josteak pila bat erlaxatzen ninduen hasi nintzenean; orain, egia da, proiektua handitu ahala, lan gehiago dudala eta jada ez naizela hain erlaxatuta aritzen... [barreak]. Poza ematen didana hori da: jendea ondo erantzuten ari dela ikustea; horrek bultatzen nau aurrera egitera.