Munduko sorbeterik onena, Fernando Alberdik egina

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 4a, 10:00

Gelato Festival World Mastersaren munduko finala jokatu dute Italian, eta Fernando Alberdiren Mango Ezpeleta izozkiak irabazi du sorbete onenaren saria. Lehiaren unean ez zituen "sentipen onak" izan azpeitiarrak, eta sari hori lortu duela jakitean, "izugarrizko poza" sentitu du.

Fernando Alberdi izozkigile azpeitiarrak beste sari bat poltsikoratu du Mango Ezpeleta izozkiarekin: hain zuzen ere, munduko sorbeterik onena izendatu dute izozki hori. Gelato Festival World Mastersaren munduko finala jokatu dute egunotan Italian, eta han parte hartu du Alberdik. Gustura dago bere izozkiak eskuratu duen izendapenarekin.

Munduko finalera iritsi arte osatu duen bidea duela lau urte hasi zuen Alberdik. Bartzelonan txapelketa txiki batzuetan parte hartu zuen orduan, eta horietako puntuazioak tarteko, Espainiako finalera sailkatu zen. Joan den udan jokatu zuen Gelato Festival World Mastersaren Espainiako finala, eta han, Espainiako bi ordezkari hautatu zituzten munduko finalerako; tartean, Alberdi. Orain, Italian jokatu dute munduko finala.

Dena den, Alberdi ez da joan Italiara, COVID-19ak eragindako osasun egoera tarteko. Espainiako finala Internet bidez jokatu zuten, eta hala jokatu dute mundukoa ere. "Aurrez bidali nizkien antolatzaileei osagaiak, eta osagai horiekin, hango izozkigile batek egin zuen nire izozkia. Nik bideo dei bidez zuzentzen nuen; horrela esaten nion nola egin behar zuen izozkia".

Aurkezpen saioa amaitu zenean, ez zituen sentipen onak izan Alberdik. "Epaimahaia ez nuen oso interesatuta ikusi. Beste txapelketa batzuetan galderak egin izan dizkidate, eta izozkiarekiko interesa nabaritu diet. Baina orduan ez zen izan horrela, eta saioa amaitzean, sekulako tristura sentitu nuen. Aurkarien maila ikusita, Lagun Onak Bartzelonaren aurka sentituko litzatekeen bezala sentitu nintzen, final bat galtzean futbolariak lurrean negarrez egoten direnean bezala". Pare bat egunez hala egon zela esan du, baina epaimahaiaren erabakia jakin zuenean, guztiz aldatu zen haren aldartea. "Izugarrizko poza sentitu nuen".

Sorbetea, esnerik gabeko izozkia

Epaimahaiak izozki guztien arten hiru onenak aukeratu zituen, eta horiez gain, beste sari bat eman zion sorbeterik onenari. Sari hori eskuratu du Alberdiren izozkiak. Hark azaldu duenez, kostatzen ari zaio jendeari sorbetea zer den azaltzea. " Izozkiak bi multzotan banatzen dira: sorbeteak eta kremak. Eta sorbetea zer da? Esnerik gabeko izozkia. Kategoria horretan irabazi du nire izozkiak lehen saria. Sorbetea aipatuta, jendeari cava sorbetea etortzen zaio burura, baina ez da hori nik egiten dudana", argitu du.

Alberdi oso pozik dago sorbete batekin hain urrutira iristea lortu duelako. "Sorbeteak normalean ez dira izaten txapelketen irabazleak, ez direlako izozki krematsuak izaten, freskagarriak baizik. Sorbete batekin finalera iristea arrakasta izatea da. Eta, gainera, munduko leku guztietako sorbeteen artean onena nirea dela esatea... sekulakoa da. Sinestezina da hori niretzat. Alde horretatik, oso pozik nago".