Inoizko aurrekonturik handiena izango du udalak 2022an

Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 3a, 15:38
EH Bilduren Udal Gobernuaren bozekin onartu dituzte 2022ko aurrekontuak. (Azpeitiko Udala)

21.745.228 eurokoa izango da udalaren aurrekontu propioa datorren urtean, aurtengoa baino %11 gehiago. Gainontzeko udal erakundeenak gehituta, aurrekontu bateratua 39.606.210 eurokoa izango da. Gizarte Zerbitzuak eta tokiko ekonomia indartzeko, eta trantsizio energetikoari bultzada emateko "proiektu estrategikoak" garatzeko aurrekontuak izango dira, Udal Gobernuak nabarmendu duenez. EAJren abstentzioarekin onartu zituzten kontuak atzoko udalbatzarrean.

Atzoko udalbatzarrean onartu zituen Azpeitiko Udalak 2022rako aurrekontuak, Udal Gobernua osatzen duen EH Bilduren aldeko botoekin eta oposizioko talde bakarra den EAJren abstentzioarekin. Nagore Alkorta alkateak ezin izan zuen udaletxean egon, konfinatuta dagoelako, eta bideokonferentziaz gidatu zuen udalbatzarra.

Inoizko aurrekontu handiena izango du udalak datorren urtean: udalaren aurrekontu propioa 21.745.228 eurokoa izango da, eta beraz, aurtengoarekin alderatuta %11 haziko da aurrekontua. Udalaren aurrekontu propioari Euskara Patronatuarena (743.289 euro), Kirol Patronatuarena (1.505.134 euro) eta Azpeitia Berritzenena (17.091.482 euro) gehituta, 39.606.210 eurokoa izango da datorren urteko aurrekontu bateratua.

Gizarte beharrei erantzutea, tokiko ekonomia indartzea eta trantsizio energetikoari bultzada ematea ardatz gisa hartuta, "egunerokoak ahaztu gabe, etorkizuneko erronka nagusie erantzuteko aurrekontuak" dira 2022koak, Azpeitia 2030 Plan Estrategikoan aurreikusitako hainbat "proiektu garrantzitsu" martxan jartzeko edota gauzatzeko balioko dutenak, Udal Gobernuak azpimarratu duenez. "Etorkizuneko erronkei gaurtik erantzuten hasteko proiektuak jarriko ditugu abian 2022an. Etorkizuneko proiektu horiek, batez ere, herritarren ongizateari, herriko eragileen beharrei eta gai estrategikoei loturikoak izango dira", alkatearen esanetan. Gizarte beharrak, trantsizio energetikoa, ekonomia eta etxebizitza politika aipatu zituen alkateak erronka nagusiak zerrendatzerakoan, eta gogoratu zuen arlo horietako beharrei erantzuteko pausoak ematen hasita daudela, mendekotasuna duten pertsonentzat Perdillegin eraikiko duten gune berria eta Ekindar energia kooperatiba aipatuz.

Dena den, Alkortaren lehen hitzak COVID-19aren pandemiak sortutako eta oraindik irauten duen ezohiko egoera gogoratzeko izan ziren atzo: "Arazo bat bestearen atzetik sortu da azken urte eta erdian, beharrak ere sortu dira, eta orain artean bezala, okerren pasatzen ari direnei baliabideak bermatzen jarraituko dugu".

Hiru ardatz eta inbertsioak

Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak azaldu zituen 2022ko aurrekontuaren xehetasunak. "Pandemiak markatutako urte eta erdia" eta horrek herrian zein udalaren jardunean izan duen eta oraindik duen eragina gogora ekarri zituen Goenagak ere. "Ezengorkotasun egoerak" hor dirauela eta horren aurrean "zuhurtzia" mantendu nahi dutela esanda, "iaz ez bezala, hazkunde ekonomiko zantzuak" daudela adierazi zuen Goenagak, eta udal aurrekontuaren igoera horrekin lotu zuen. Aurrekontuak osatzeko proiektuan jasotako ekarpenak eskertu zituen Goenagak: "Eragile, teknikari, oposizioko kide zein norbanakoen proposamenak eta eskaerak jaso ditugu, eta guztiak aztertzen eta lantzen saiatuko gara. Asko eskertzen da Azpeitia hobe bat egiteko ekarpenak jasotzea".

Datorren urteko aurrekontuan ardatz izango diren hiru esparruek –gizarte beharrei erantzutea, ekonomia sustazea eta energia trantsizioari bultzada ematea– islada dute kopuruetan. Horrela, Gizarte Zerbitzuen saileko aurrekontua %6 haziko da, 2.251.476 eurora iristeko; horrez gain, zerbitzu horiek handitzeko eta hobetzeko azpiegituretara bideratuko ditu udalak inbertsioetako 480.000 euro. Bilakaera demografikoak, gizartearen zahartzeak, gizarte zerbitzuak "handitzea eta indartzea" eskatzen duela azpimarratu zuen atzo Goenagak. "Zerbitzuez gain, dirulaguntza guztiak mantenduko" dituztela gaineratu zuen, oinarrizko gizarte beharrei erantzuteko laguntzetara bideratuko dituzten 382.000 euroak azpimarratuz.

Ingurumen sailaren aurrekontuaren hazkundea ere nabarmendu zuen Ogasun batzordeburuak. 429.000 eurorekin, "ia hirukoiztu" egingo da arlo horren aurrekontua 2022an, eta eguzki energiako Ekindar kooperatiba martxan jartzearekin estu lotutako hazkundea da Ingurumen sailarena. "Energiaren trantsizioaren erronkari tokiko garapenetik eta herritarrekin batera erantzuteko Ekindar kooperatiba bultzatzeko konpromisoa berresten dugu aurrekontuen bidez", zehaztu zuen Gornagak.

Tokiko ekonomiaren garapena sustatzeko, berriz, milioi bat euro pasako aurrekontua erabiliko du udalak datorren urtean, ekonomia sustapenerako dirulaguntzei bideratutako 400.000 euroak barne. Iraurgi Berritzen garapen agentziak eskualdeko plan estrategikoa egin dezan ekarpena ere egingo du udalak (339.000 euro), eta Landetan abiatutako azterketari jarraipena emateko diru poltsa ere jaso dute aurrekontu berrian.

Azpiegiturak hobetzeko inbertsioei dagokienez, hauek nabarmendu zituen Gornagak:

  • Telefonicaren eraikin zaharra berritzeko  1.315.523 euro. Perdillegiko proiektua gauzatzeko han hustuko duten eraikinean dute egoitza, besteak beste, Euskara Patronatuak eta Atzegik, eta bi erakunde horiek Telefonica zahar berritura aldatuko dituzte.
  • Soreasuko soinuaren eremua ekipatzeko 60.000 euro.
  • Herriko haurren jolas parkeak hobetzeko azterketa egiteko eta berritzeko 100.000 euro.
  • Kirol instalazioetako aldagelak berritzeko eta irisgarritasun arauetara egokitzeko 224.000 euro.
  • Urbitarte auzoko 5. eta 7. etxe-atarien ingurua eraberritzeko 270.000 euro.
  • Anbulatorioa eta Matxinada kalea lotzen dituen zubiaren irisgarritasuna hobetzeko bigarren faseko obrak gauzatzeko 202.118.

Zalantzak bultzatutako abstentzioa

Iaz ez bezala, aurten EAJk ez dio baiezkoa eman udal aurrekontuari. Aurrekontuen edukiekin, horiek osatzeko egindako lanketarekin eta ekarpenak egiteko izan duten aukerarekin kexarik ez dutela esan zuen atzo Amaia Etxeberria jeltzaleen udal taldearen bozeramaileak, baina azken urteko esperientziak "esatetik egitera alde handia dagoela erakutsi" diela gaineratu zuen.

"Aurreko urteko proposamen batzuk ez dira burutzera eraman", esan zuen Etxeberriak. "Zalantza handiak" ditu EAJk Udal Gobernuak jaso eta onartu dituen ekarpen berriak gauzatzera iritsiko ote diren, eta zalantza horiengatik erabaki du aurten abstenitzea.

2022ko udal aurrekontuak

Azpeitiko Udalaren 2022ko aurrekontu bateratua: 39.606.210 euro (2021ean: 29.836.874 euro)

Udalaren aurrekontu propioa: 21. 745.228 euro (2021ean: 19.482.829 euro).

Euskara Patronatua: 743.289 euro (2021ean: 736.030 euro).

Kirol Patronatua: 1.505.134 euro (2021ean: 1.466.654 euro).

Azpeitia Berritzen: 17.091.482 euro (2021ean: 9.512.545 euro).

Udalaren sailen aurrekontuak:

Ogasuna eta Kontuak

435.356 euro
(2021ean: 396.895 euro)

Hirigintza eta Ingurumena

2.497.500 euro
(2021ean: 1.345.000 euro)

Hezkuntza eta Euskara

1.067.632 euro
(2021ean: 1.047.819 euro)

Kultura eta Gazteria

1.142.100 euro
(2021ean: 1.097.400 euro)

Kirola

1.309.134 euro
(2021ean: 1.196.654 euro)

Gizarte Zerbitzuak

2.251.476 euro
(2021ean: 2.129.976 euro)

Langileria eta Antolakuntza

6. 464.756 euro
(2021ean: 6.136.764 euro)

Festak

471.000 euro
(2021ean: 279.000 euro)

Zerbitzu Orokorrak

4.288.295 euro
(2021ean: 4.028.340 euro)

Alkatetza

296.000 euro
(2021ean: 296.000 euro)

Ekonomoa, Enplegua eta Formazioa

1.055.978 euro
(2021ean: 1.085.978 euro)

Parekidetasuna

215.000 euro
(2021ean: 192.000 euro)

Baserriak

251.000 euro
(2021ean: 251.000 euro)