Irekita dago Urkome sarien VII. edizioko sari berezia aukeratzeko bozketa

Anartz Izagirre 2021ko abe. 4a, 09:30
Urkome sarien VI. edizioko sei irabazleak, sari banaketa ekitaldian.

Gaurtik hasi eta abenduaren 9ra bitartean egongo da botoa emateko aukera, Urkomeren webgunean. Guztira, hamar hautagai zehaztu dituzte boto bidezko sari berezia jasotzeko. Abenduaren 10ean izango da sari banaketa, Azoka plazan.

Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak ireki du dagoeneko Urkome sarien VII. edizioko sari bereziaren bozketa. Guztira, hamar hautagai nabarmendu dituzte, eta herritarrek horien aldeko botoa emateko aukera izango dute gaurtik hasi eta abenduaren 9ra bitartean, Urkomeren webgunean. Bozketan parte hartzen duten guztien artean Urola Kostako produktu sorta bat zozkatuko dute, eta sariaren irabazleak ere beste halako sorta bat jasoko du. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 10ean, ostirala, egingo dute, Azoka plazako Batzar aretoan, 12:00etan; bertan jakinaraziko dute bozka bidezko proiektu irabazlearen izena.

Aurtengo edizioan, askotariko proiektuak jaso ditu Urkomek, eta honakoak dira proiektu horien izenak: Ekoizleak erdigunean, Iragana ahaztu gabe aurrera jarrai, Amalda biobotanika proiektua, Txara janari denda, Labesu artisau okindegiko proiektua, Ametsola ustiategia, Enkarguk, Itsasi Kontainer Gourmet onddoak ekoizteko prototipoa, Ikaseliku eta Shittake ondoa basotik. Honako lotura honetan irakur daitezke proiektu bakoitzaren nondik norakoak.

Sari gehiago

Orotara, sei Urkome sari banatuko dituzte aurten ere, eta proiektu bakoitzaren egileek mila euroko sari bana jasoko dute. Honako hauek dira sariak: nekazaritza jardueraren sustapena; landa eremuetako jarduera ekonomikoaren sustapena; landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatu; landa eremuko balio aniztasuna agerian jarri; Iraurgi Berritzenen eta Urola Kostako Udal Elkartearen saria; eta landa eremuko emakume ekintzailea. Sari irekia izenekoa da boto bidez erabakiko dena.

Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen edo jarduera berritzaileak eta ekintzailetasuna saritzea eta landa eremuko proiektuak ezagutaraztea dira sarien helburuak; bi urtean behin antolatzen dituzte, eta zazpigarren edizioa da aurtengoa.