Errakiren 'Espazioen gaineko langile kontrola' jardunaldia izango da bihar eta etzi Azpeitian

Anartz Izagirre 2021ko abe. 3a, 11:00

Hainbat hitzaldi eta otordu nahiz manifestazio bat izango dira bihar eta etzi Azpeitian, Errakik antolatuta. Errakik nabarmendu duenez, dagoeneko agortu dira jardunaldirako sarrerak.

Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak antolatuta, Espazioen gaineko langile kontrola jardunaldia izango da bihar eta etzi Azpeitian. Bi egunetan hainbat solasaldi eskainiko dituzte Esklabetan, eta besteak beste, Euskal Herriko okupazio mugimendua, etxebizitzaren inguruko arazoa eta jabetza pribatuaren defentsa mekanismoak izango dituzte aztergai hitzaldi horietan. Errakik nabarmendu duenez, dagoeneko agortu dira sarrera guztiak. Bestalde, herriko kaleetan zehar manifestazioa ere egingo dute Askatasun politikoak defendatu, langile kontrolpeko espazioak hedatu! lelopean, igandean, 18:30etik aurrera.

Hasieran Legution (Araba) egin behar zuten jardunaldia, baina Azpeitira lekualdatzea erabaki dute, bertako espazioek "jardunaldiak aurrera eramateko adina baldintza" eskaintzen dituztelako. Errakik ohar bidez adierazi duenez, asteotan "enegarrenez" oinarrizko askatasun zibilen eta politikoen aurkako neurriak indartu dira: "Ezartzen ari diren COVID ziurtagiriek, konfinamenduek edota ekimen politiko zein kulturalen debekuek ez dute osasun aterabide erreal bat eskaintzen. Kontrara, proletalgoaren gaineko kontrol soziala indartu eta antolakuntza politiko independentea zailtzen duten neurriak dira".

Neurri horiek alderdi politiko instituzional guztien babesarekin ezarri direla salatu du Errakik, "alderdi sozialdemokrata guztiak barne". Koalizio abertzalea ere aipatu dute: "Horien artean, EH Bildu lehen lerroan dago aipatutako neurrien ezarpenean". Ildo horretatik, Azpeitiko, Legutioko zein Zestoako EH Bilduren jarrera nabarmendu dute: "Eusko Jaurlaritzaren 'gomendio' batzuetan oinarrituz, jardunaldiak egiteko baimena ukatu digute aipatutako udalek, egiten ari diren bestelako ekimen politiko eta kulturaletan bezala, osasun neurri guztiak betetzeko konpromisoa adierazi dugun arren".

Bestalde, adierazi dute "langile kontrolpeko espazioak" direla "alderdi kapitalistekiko independentea den politika" garatzeko bermea, eta langile kontrolpeko espazioen alde mobilizatzera deitu dituzte herritarrak igandean plazatik hasita egingo duten manifestazioan.

Hona hemen jardunaldiaren egitaraua, osorik:

Bihar, larunbata.

  • 16:00etan, harrera. Esklabak Zentro Sozialistan.
  • 17:00etan, hitzaldia: Euskal Herriko okupazio mugimendua aztergai.
  • 19:00etan, hitzaldia: Etxebizitzaren inguruko arazoaz: analisia erronkak eta perspektibak.
  • 21:00etan, afaria.

Etzi, igandea.

  • 09:00etan, gosaria.
  • 10:00etan, hitzaldia: Jabetza pribatuaren defentsa mekanismoak: legedia burgesa eta desokupazio indar antolatuak.
  • 12:00etan, hitzaldia: Langile kontrola eta estrategia sozialista.
  • 14:30ean, bazkaria.
  • 18:30ean, manifestazioa: Askatasun politikoak defendatu, langile kontrolpeko espazioak hedatu!
  • 20:00etatik aurrera, kontzertuak Gaztetxean.